Ia urtebete igaro da Mila Modu taldeak bere hirugarren lana kaleratu zuenetik: Kenopsia. Oñatiko Eltziako topagunean egin zuten diskoaren aurkezpen kontzertua, eta harrezkero ez dute kontzerturik egin Oñatin, asteburura arte. Izan ere, domekan, 12:30ean, Verduri Hall-eko oholtza gainera igoko da boskote oñatiarra, Kenopsia diskoaren aurkezpen biraren harira. Sarrerak 8 eurotan daude salgai dagoeneko Oñatiko Udalaren webgunean (oñati.eus).
Zuzenekoan berritasunak
Kenopsia diskoaren aurkezpen kontzertuan egon ez zirenek bigarrenez izango dute boskote oñatiarra herriko taula gainean ikusteko aukera, Mila Modurentzat "oso berezia" den toki batean, Xabi Yanezek aitortu duenez; izan ere, bertan jo zuten euren estreinako kontzertua. Ordutik, baina, gauzak aldatu egin dira, laukote izatetik boskotea izatera igaro baitira, Miren Fernandez taldera batuta. "Teklatuarekin eta sintetizadoreekin lan borobilagoa lortu dugula uste dut. Ez disko berrian bakarrik; aurreko abestietan eta zuzenekoetan ere nabari da; beste kolore bat, beste indar bat, dute abestiek. Uste dut badela gure inguruan hainbeste ikusten ez den zerbait, eta oso pozik gaude emaitzarekin", dio Yanizek.
Lanean jarraitzen dute
Mila Modu "lokaleko taldea" ere badela dio taldeko abeslariak, eta Fernandez taldera batu denetik "azkenengo hilabeteetako lana" izan da ikusten ez den hori egitea. Aurrerantzean joko dituzte kontzertu gehiago, eta "albiste berriren bat" ere izango dutela aurreratu du Yanizek.