Ordizia Txapeldun izeneko 37. gazta txapelketa egin zuten atzo Ordizian, hango eguaztenetako azokarekin batera, eta Irati Usandizaga oñatirraren bizileku eta lantoki den Lekarozko Kortari gaztandegiak jaso zuen sari nagusia, 8,83 punturekin. Kortariak laugarren urtez jarraian irabazi du gazta lehiaketa hori, eta sari nagusiaz gain, urrezko gazta ere jaso du; 8,5 puntu baina gehiago lortzen duten gaztei bakarrik ematen zaie saria. Txapelketako bigarren saria Ordiziako Otatza gaztandegiarentzat izan zen, eta hirugarrena Ilarduiako La Leze gaztandegiarentzat.
Txapelketa horretan, Euskal Jaietako Ardi Latxaren esnearekin egindako gazta lehiaketaren azken hamar urteetako (2015etik 2024ra) irabazleak lehiatu ziren. Guztira sei gazta ketu eta lau zuri aurkeztu zituzten. Ekitaldia Ordiziako Udalak antolatzen du Idiazabal Gaztaren kofradiaren lankidetzarekin, eta Idiazabal Jatorri Izendapenaren laguntzaz.