Beti zurekin, ama. Beti gurekin. Esaldi horrekin laburtu du sare sozialetan Malen Osak asteburuak utzitako irudietako bat. Argazki hunkigarria da, abuztuan hil zitzaion eta ama, Gurutze Ansa, 57 urterekin. Osak bederatzigarren gurutzatu du helmuga Munduko Golden Trail Serietako azken geltokian, Ascona-Locarnoko lasterketan. "Urte oso gogorra izan da, baina oso harro nago zelan borrokatu dudan ikusita. GTWSko hirugarren postuak erakusten du konstantea izan naizela urte osoan zehar. Lasterketa oso azkar hasi zen, eta hasieran ondo sentitu nintzen, baina aurrean horrenbeste jende ikusita larritzen ere hasi nintzen. Igotzen hasi ginenean, berriz, nire erritmoa eta energia errekuperatu eta sailkapeneko kontrario zuzenak harrapatzen joan nintzen. Azkeneko igoera oso gogorra egin zitzaidan, eta uste dut beste bi kilometro gehiago behar nituela helmugara hobeto iristeko", adierazi zuen oñatiarrak lasterketa amaitu eta berehala.
Hirugarren sailkapen orokorrean
Zirkuituko lasterketa guztietako puntuak batuta, Osa hirugarrena izan da Golden Trail Serietan. Emaitza hori lortzeko bereziki garrantzitsua izan da Zegama-Aizkorrin egin zuen bigarren postua, baina horrekin batera, denboraldian zehar erregulartasun handia erakutsi du Osak. Hala, urte gogor bezain gogoangarri bati aurre eginda mundu mailako traileko elitean dagoela berretsi du txantxikuarrak.