Asteburu honetan jokatuko dira herriko aurtengo futbol txapelketako lehen partiduak. Azken urteetako lehiatuena izango da, gainera, hamabost taldek hartuko dute-eta parte; joan den urtean baino bik gehiagok. Aipatu beharreko beste datu bat da epaileena: Joseba Molinerok ez du jarraituko; bai, ordea, Josu Cambesesek.
Bi taldetan banatuta
Hamaika talde ziren duela bi urteko herriko futbol txapelketan eta hamabost izango dira aurten; bi berrienak, 18 urte ingurukoek osatutakoak. Ekipoen kopuruagatik bi talde egin dituzte, ohikoa duten moduan; aurten, zortzi daude batean eta zazpi bestean. Denek denen kontra jokatuko dute, bakoitzak egokitu zaion taldean, eta horko emaitzek erabakiko dute txapelketaren amaieran finalak nortzuek jokatuko dituzten. Dena ondo bidean, San Migel Txiki jaien aurretik jokatuko dituzte azken partiduak, Azkoagainen.
Eguaztenetan bilerak
Denboraldiko partidu guztiak izango dira herriko futbol zelai nagusian; betiere, lehentasuna Aloña Mendik izanda. Entrenamenduak, berriz, talde bakoitzak antolatuko ditu bereak. Zuzendaritza taldea zazpi taldetako ordezkari banak osatzen dute. Eguaztenetan elkartzen dira eta zozketa bidez aukeratuak –aurten sartu diren bi talde berriak salbu, horiek zuzenean sartu dira zuzendaritzan– izan diren talde horietako kide bana joango da asteroko bilera horietara. Egoera larriren bat izaten bada, bilera irekia egingo dute erabakia denen artean hartzeko. Bestalde, aurten ere asteburu bakoitzean epaileari laguntzeko egongo den talde arduradunaren zerrenda egina dute. Tokatzen den taldeak lagunduko dio Josu Cambesesi marrazain lanak egiten, eta, hark ezin duenean, partidua ere arduraduna den talde horretako kide batek arbitratuko du.
Denboraldiko futbol taldeak
A taldean talde hauek daude: Wulu wulu, Tutelatraku, Zalaparta, Kalekona, Weinguter, Iturritxo, Frakas brabas eta Kalaña. B taldean, berriz, beste hauek daude: Shatoken, Albok, Sarutobi, Hangöver, Ijittanuak, Sasquash eta Morekanbe.