Birako lehen emanaldiak esan gura duen urduritasuna aldean duela aitortu du Olatz Salvadorrek, "baina ezagutzen dut tokia, aurretik ere egona naiz Oñatin, eta ondo hartu naute beti bertakoek". Zainak eman du izena kaleratu duen azken lanak, hirugarrena, eta kantu berriak erakustera dator taldeko kideekin. "Hala ere, aurreko kantak ere joko ditugu, kontzertu orekatua egiten saiatuko gara, jendeari gustatzen zaio eta ezagutzen dituen piezak entzutea", gaineratu du. Aurreratu du, gainera, ordu eta laurden inguruko emanaldia izango dela.
Hau izango da urtarrilera bitartean gaztelekuak prestatu duen egitarauko lehen kontzertua. Sarrerak salgai daude; hamar euro aurrez, hamabi bertan.