Alokairurako hobariak eta zerga igoera bakarra hondakinena izatea proposatu ditu EAJk

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko urr. 10a, 08:08

Xabier Mugarza eta Amaia Erostarbe atzoko agerraldian.

2025eko udal zerga eta tasen ordenantzan igoera bakarra hondakinena izatea da jeltzaleen proposamena. Hobariei lotuta, berriz, alokairura bideratuta daude egindako gehienak; etxe hutsek duten %100eko gainkarga kentzea ere proposatu du.

Zerga-politika "jasangarria eta arduratsua" izan behar duela uste du Eusko Alderdi Jeltzaleko udal taldeak eta oinarri hori hartuta egin ditu datorren urtean aplikatuko diren zerga eta tasen gaineko proposamenak. Hala, gehienak igoerarik gabe mantentzearen alde egin du, honda- kinena salbu –%33,6ko igoera–, "saihestezina" delako. Etxebizitza hutsei %100eko gainkarga kentzea proposatu du eta hobariak alokairuak eta mugikortasun jasangarriak sustatzeko.

Hobariak eta igoera

"Alokairua, zerbitzu publiko eskuragarriak eta jasangarritasuna sustatzen dituen zerga-politika" da jeltzaleen proposamena, Amaia Erostarbe Letamendi eta Xabier Mugarza Aiastui zinegotzi jeltzaleek prentsa aurrean azaldu duten moduan. Alokairuaren inguruan, hutsik dauden etxebizitzei %100eko errekargua kentzea proposatu du, "alokairu eskaintza handitzeko pentsatutako neurria izan arren errealitatea delako askok hutsik jarraitzen dutela". Gaineratu du, Bizigune edo Alokabide programak dauden bezala, Udal mailako bat egiteko ideia luzatu diola EH Bilduk osatzen duen Udal Gobernuari, "egon daitezkeelako programa horietako baldintzak betetzen ez dituzten etxebizitzak baina alokatzeko moduan daudenak". Etxeak alokatzeko obretan %90eko hobaria ere proposatu dute. Baita %50ekoa ibilgailu elektrikoendako karga puntua duten garajeendako. Aurreko urtean bezala, kiroldegiko tarifa murriztuak aplikatzeko adina 22 urtetik 25era igotzea gurako luketela ere esan dute.

Igoera, hondakinen tasakoa soilik izatea da jeltzaleen proposamena: "Europatik dator lege hori eta saihestezina da. Zerga hori %33,6 igoko dela jakinda, horrek %3ko igoera dakar beste zerga eta tasa guztietan, eta ez lukete igoerarik izan behar".

Jeltzaleek esan dute euren proposamenen berri baduela dagoeneko Udal Gobernuak eta "adostea eta errealitate bihurtzea" gurako luketela. Urriaren 24an egingo da 2025eko udal tasen eta zergen ordenantza onartzeko osoko bilkura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak