Parke gorria 8 eta 14 urte bitarteko nerabeendako egokituko dutela aurreratu zuen uztailean Udal Gobernuak. Parte-hartze aurrekontuetan identifikatu zuten herritarrek behar hori eta parke horretan jasoko dute eskaera. Alderdi jeltzaleko udal taldeak, baina, uste du "EH Bilduko Udal Gobernuak bi proiektu garrantzitsu fusionatzea" erabaki duela parke horretan, "nerabeentzako jolas batzuk instalatzea behin betiko irtenbide gisa aurkeztuz" eta uste du "estrategia" hori ez dela nahikoa, "eta gainera, herritarren eskaerei buruzko
ikuspegi eta konpromiso falta erakusten duela".
Jeltzaleek diote prentsa oharrean, 2024ko aurrekontu parte-hartzaileen testuinguruan, Oñatiko herritarrek argi adierazi zutela "udalerriko hainbat haur-parkeetan nerabeentzako jolas-gune espezifikoak" nahi dituztela. "Eskari horrek behar nabarmena islatzen du, baina orain arte EH Bilduko Udal Gobernuak ez du aintzat
hartu. Bestalde, 2016an aurkeztutako parke gorriaren proiektua oraindik ez da amaitu. Espazio hori hobetzeko esku-hartze integrala agindu zen arren, lurzoruaren hobekuntza txiki bat besterik ez da egin. Proiektu hau bukatzeko borondate eza begi-bistakoa da hainbeste denbora igaro ondoren".
"Bideragarriak eta bateragarriak"
Orain asmo biak baten jasotzea ez dela nahikoa uste du oposizioko taldeak. Talde jeltzalearen iritziz, "bai parke gorria eta bai nerabeentzako jolasak proiektu bideragarriak eta bateragarriak dira behar bezala kudeatzen badira eta ez dute uste " bat sakrifikatu behar denik bestearen alde, Udal Gobernuak proposatzen duen bezala. EAJren ustez, "bi proiektuak independentean garatzea posible eta beharrezkoa da, herritarren itxaropenak bete daitezen bermatzeko". Gaineratu dute "kezkagarria" dela Udal Gobernuak hain gai garrantzitsua "sinplifikatu nahi izatea", eta "berriz ere, herritarrekiko konpromisoak erdi mailako irtenbide batera baztertzea". Oharra bukatu dute esaten EAJk "Oñatik herritarren eskaerei benetan erantzuten dien eta ez interes partidistei arbitrarioki moldatzen dien kudeaketa arduratsu baten alde" egiten duela apustu, "eta Udal Gobernuari eskua luzatzen diogu, interes komodoei egokitutako fusio bat izan ez dadin, baizik eta herritarren eskaerei koherentziaz eta eraginkortasunez erantzuten dien irtenbide bat izan dadin".