Ikasturtea hasteko prest daude Oñatiko gaztelekuan. "Gaztelekuan jaien ostean hasten dugu kontzertu denboraldia, urrian. Uda aurretik martxan jarri ginen eta guztia gertu dugu", dio Iñigo Ugartek, gaztelekuko langileak.
Askotariko emanaldiak
Sei kontzertu iragarri dituzte lehen kontzertu denboraldi honetarako, urritik urtarrilera arte iraungo duena. Olatz Salvador izango da lehena oholtzara igotzen: urriaren 19an joko du kontzertua, 19:00etan (Aurrez 10 euro, takilan 12). Oñatiko Mila Modu urriaren 27an izango da, 12:30ean (Takilan zortzi euro). Anestesiaren eta Ankerren emanaldia azaroaren 9rako dago programatuta, 12:30ean (Aurrez 12 euro, takilan 15). Jarraian, Idoia Asurmendi aramaioarra izango da, abenduaren 1ean, 12:30ean hasita (Aurrez 10 euro, takilan 12). Abenduaren 29an, berriz, Go!azen telesailaren kontzertua egongo da. Emanaldi hori gaztelekutik bideratu arren, Santa Ana antzokian izango da, 17:00etan eta 19:00etan (Takilan 10 euro). Amaitzeko, urtarrilaren 11n, Delirium Tremens-ek eta Oñatiko Keia taldeak joko dute kontzertua, 22:00etan (Aurrez 12 euro, takilan 15).
Kontzertu ahalik eta zabalenak programatzen ahalegintzen dira gaztelekukoak: "Herriko taldeak bermatzea, berdintasun perspektiba bat mantentzea, gazteen- tzat zein zaharrentzat gustuko taldeak ekartzea... Publiko guztiari bideratutako egitarau bat osatzen saiatu gara, eta planteamendu nahiko polita gelditu zaigulakoan nago". Oñatin dagoen kultur eskaintza zabala ere aipatu du Ugartek: "Oñatik beti izan du kultura aldetik oso sorta zabala. Beste egitarau batzuk ere kontutan hartzen ahalegintzen gara, adibidez gaztetxekoa, datak elkarri ez zapaltzeko. Esango nuke herri mailan dagoen aukera zabal hori gaztelekuak ondo osatzen duela".
Berrikuntza sarrerekin
Egitarauak berarekin dakarren berrikuntza handiena sarrerak erosteko modua izango da. Lehenengoz, sarrera guztiak aldi berean jarriko dira eskuragarri. Sarrerak salgai daude dagoeneko; Txokolateixan eta Oñatiko Udalaren atarian erosi ahalko dira guztiak.