Urbiako ermitaren mendeurrena ospatuko dute

Mireia Bikuña 2024ko ira. 26a, 10:18

Urbiako ermita eraikitzen, 1924an. Argazkia: Euskal Mendizale Federazioa.

100 urte bete ditu Urbiako ermitak, eta bere omenezko ekitaldia egingo dute zapatuan, hilaren 28an. Meza izango da 11:30ean, eta 12:30ean, berriz, musika emanaldia: Et Incarnatus Orkestra eta Alaitz eta Maider. 15:00etan erromeria izango da Zabale eta Lutxurdio trikitilariekin.

1924ko irailaren 28an 100 urte beteko ditu Urbiako baselizak. Han bizi ziren artzainek domekatan meza entzun ahal izan zezaten, aita Lizarralderen ekimenez eraiki zuten, 35.884 pezetako aurrekontuarekin. Egun, uztaileko eta abuztuko domeketan ematen dute meza Andre Mariaren omenezko elizatxoan.

Puntua aldizkariaren 379. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa, Urbiako ermitaren mendeurrena dela-eta ekarritakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

"La prensa donostiarra y bilbaina han anunciado en repetidos articulos, el proyecto de iglesuela que, por iniciativa de los religiosos del Santuario de Aranzazu, se piensa realizar en la alta meseta de Urbia, con el objeto de que los dias festivos de verano pueda celebrarse en ella la santa misa, y oirla con mas comodidad los muchos pastores, que en aquellos pastizales, apacentan sus ganados durante la expresada epoca del año". Testu hori irakur daiteke frantziskotarrek egiten duten Aranzazu aldizkariaren 38. zenbakian: 1924ko ekainean kaleratutakoa.

Ermitaren kokalekurako, Urbiako zelaiaren erdigune bat aukeratu zen, Urbia-Arrate izenez ezagutzen zena. Leku estrategikoa. Izan ere, Aizkorri mendikatearen mutur guztietatik ikus daiteke.

Erakunde eta herritarren babesarekin

Donostia aldeko eta Bilbo aldeko egunkarietan zehaztasun handiz argitaratu ziren albisteak egi bihurtu ziren aita Lizarralderen (1884-1935) ekimen eta burugogorkeriari esker. Zaldibian jaiotako frantziskotarrak Segura, Zerain, Zegama eta Idiazabalgo partzuergoen, Arabako San Millan eta Asperrena herrien, eta Oñatiko eta Legazpiko Udalen babesa eta laguntza izan zituen. Marcelo Guibert arkitektoak idatzi zuen proiektua, 35.884 pezetako aurrekontuarekin. Denbora errekorrean bukatu zituzten lanak: bost hilabete bakarrik behar izan zituzten. Enrique Uriarte kontratistak, Demetrio Goitia langileburuak eta kuadrilla neketsu batek gogor egin zuten lan Urbiako baseliza zerotik eraikitzeko. Legazpiko baserritarrek ere parte hartu zuten, auzolanean.

Inguruko hainbat enpresarik materiala eman zuten, eta harria Urbiakoa bertakoa erabili zuten. Bestalde, aurrekontua estali ahal izateko, herritarrek egindako ekarpenez harago (oñatiarren artean 2.340 pezeta batu ziren), udalek egin zuten ekarpen handiena: Oñatiko Udalak, Santos Echeverria alkatea buru, 1.000 pezeta eman zituen; Legazpiko Udalak, 500; eta Zegamakoak, 250.

IDAZLE AMORRATUA

Jose Adrian Lizarralde (Zaldibia, 1884-1935) 17 urterekin sartu zen Zarauzko frantziskotarren nobiziatuan. Hainbat kargu izan zituen Frantziskotarren Ordenan: Arantzazuko Ikastetxeko presidenteorde, Tolosako zaintzaile, Bilboko frantziskotarren egoitzako presidente eta Aranzazu aldizkariko lehen zuzendari, besteak beste. Idazle amorratua izan zen, eta aldizkarian idatzitako artikuluez harago, bost liburu idatzi zituen. Haietatik lau, Andre Mariari buruzkoak.

Omenaldia

Urbiako baselizaren bultzatzaile nagusi izanik, hura eraiki eta 40 urtera, 1964an omenaldi berezia egin zioten. Kantabriako frantziskotarren probintzial Mendia y Lasak eman zuen meza egun hartan.

Oinplano angeluzuzena

Marcelo Guibertek idatziko proiektua osotasunean gauzatu zen. Hala, oinplano angeluzuzeneko baseliza eraiki zen, kareharrizko harlangaitzezko hormak zituena eta bi isurkiko egurrezko egitura ere bai. Gailurra fatxada nagusiarekiko perpendikularra da. Sakristia, tenpluari atxikita dago epistolaren aldean. Beste aldean, egurrezko estruktura duen arkupe xume bat dauka.

Marcelo Guibertek idatzi zuen proiektua 25.884 euroko aurrekontuarekin

Eraikina eginda, barrurako apaingarriak beharrezkoak ziren, eta horiek ere dohaintza moduan heldu ziren: Ignazio Zuloaga eibartarrak Ama Doloretakoaren olio lan bat oparitu zuen, bere sinadura eta guzti –egun, Arantzazuko santutegian dago–; eta Julio Beobide zumaiarrak zurez zizelkatu zuen artzainen katedralean gurtzen den irudi bakarra. Zuloagak berak polikromatu zuen, ostean. Arantzazuko Ama Birjina Urbiako ermitaren aldare bakarraren buru da.

Mendizaleak leku askotatik

Eraikuntza lanak bukatuta, artzainen katedralaz gozatzeko unea heldu zen. Bost hilabetez egindako lan isilaren emaitza handikiro ospatu zen, 1924ko irailaren 28an. Euskal Herriko Alpinismo Federazioko presidenteak hala eskatu zuelako izan zen egun horretan: tren berezi bat ipini zitekeen igande bakarra zen, eta gainera, ilargi betea zegoen, eta hori eskertuko zuten Urbiara gauez igo gura zutenek.

Bilbotik trenez heldu ziren mendizaleak, eta Araba aldetik, autobusez. Gehienek bat egin zuten Arantzazun, goizeko zortzietan, Urbiara prozesioan igo ahal izateko. Beobidek egindako Andre Mariaren irudia buru zutela egin zuten igoera. Goian, Mateo Mujika apezpikuak egin zien harrera.

6.000 lagun inguru

Baseliza bedeinkatu ostean, meza eman zuen Mujika apezpikuak, hainbat frantziskotarren laguntzarekin, aire zabalean. Ondoren aurreskua dantzatu zen, eta biribilketa bat amaitzeko. Azken horretan, besteak beste, Arabako eta Gipuzkoako diputatuek, hainbat alkatek eta hainbat kirol-klubetako presidenteek parte hartu zuten.

Mujika apezpikuak bedeinkatu zuen baseliza 6.000 lagunen aurrean, aire zabalean

Urbian jendetza batu zen. Orduko kronikatan 6.000 bat lagun batu zirela aipatzen da. Besteak beste, El Heraldo Alaves eta Argia egunkariek egin zuten inaugurazioaren aipamena. Eta kronika haiengatik ezagutzen da zein izan zen Partzuergoak ordaindutako egun hartako menua: zizka-mizkak, perretxiko- nahaskia, legatza ozpinarekin, oilaskoak pepitoriarekin eta urdaiazpikoa arrautza iruntziekin. Postrerako: Urbiako gazta, frutak eta Bergarako erreilenoak.

Segurako txistulariek girotu zuten bazkalostea, eta eguna borobiltzeko beste ikuskizun batzuk egon ziren: zaldi lasterketak, aharien arteko borrokak, aizkolarien emanaldia, bertsolariak eta dantzaldia. "Ederra, aundia, ikusgarria izan zan aurreko igandean Urbiako zelaian ospatu zan jaia. 1.200 metro itxas-gai dituan mendi soi-soilean ez degu euskeldunak iñoiz orrelakorik ikusi. Iruñako Gotzain jaun agurgarria, lau probintzietako aldun-ordezkariak, praile ta apaizak, eta ainbat gizon ta emakume... Iru-lau mila euskaldun Arantzazuko Andre Mariari abesten", kontatu zuen 1924ko urriaren 5eko Argiak.

Fonda eta hango telefonoa

Urbiako baseliza bedeinkatu eta eliztarrekin meza santua ospatu ondoren, Mujika apezpikuak Urbiako ostatua –gaur egungo fonda– izango zenaren lehen harria bedeinkatu zuen. Ermitatik 200 bat metrora egingo zuten fonda. Azken horrek 100 urte beteko ditu 2025ean.

Era berean, urrutizkina ere inauguratu zuten lehen aldiz 1924ko irailaren 28an. Urbiara bertaratu ziren herritarrak zur eta lur geratu ziren telefonoa ikustean. Bereziki, ondoan zuen iragarkiaren testua irakurtzerakoan: Urrutizkiña: Gipuzkoa, España ta herbesterako.

Meza gutxiago

Egun, uztaileko eta abuztuko domekatan bakarrik ematen da mezu Urbian, 11:30ean

Urbian bizi ziren artzainek domekatan meza entzun ahal izateko eraikitako baselizak helburua bete du urte askotan. Hasierako urteetan maiatzetik Santu Guztien Egunera arteko domeka eta jaiegunetan ematen zen meza, 11:30ean. Lepo betetzen zen baseliza. Baina urteekin asko aldatu ziren baldintzak: gero eta fededun gutxiago izateak, apaiz eta erlijioso kopuru txikiak eta fraideen adinak murrizketa ekarri zuen Urbiako elizkizunetan. Mezak uztaileko eta abuztuko igandeetara murriztu zituzten. Pandemiak ere eragin zuen baselizaren funtzionamenduan. Konfinamenduaren ostean, elizkizunak berreskuratu zirenean, frantziskotarrek erabaki zuten Urbian mezarik ez ematea. 2020ean eta 2021ean ez zen elizkizunik egon han. Egun, uztaileko eta abuztuko domekatan ematen dute meza.

Aldare nagusia


(Argazkia: Gure Gipuzkoa)

Harrien gainean ipinitako Arantzazuko Ama Birjinaren irudia da ermitako buru. Oinplano angeluzuzeneko baseliza da eta kareharrizko harlangaitzezko hormak ditu. Eraikina egiteko erabilitako harriak Urbiako zelaietakoak dira. Aldarearen eskuin aldeko paretan, aita Lasaren eta aita Lizarralderen argazki bana daude.

 

Hitzarmena


(Argazkia: Arantzazuko artxiboa)

Oñatiko, San Millango, Legazpiko, Zegamako, Idiazabalgo, Zeraingo eta Araiako alkateek sinatutakoa.

 

1924ko irailaren 28a


(Argazkia: Arantzazuko artxiboa)

Urbiako Andre Mari baselizaren inaugurazio egunean, orduko egunkarien arabera, 6.000 bat lagun elkartu ziren Urbian bertan. Bedeinkapenean lehenengo, eta bazkarian, ostean.

 

Bedeinkapena


(Argazkia: Arantzazuko artxiboa)

Mateo Mujika apezpikuak egin zuen, hainbat lekutatik joandako herritarren aurrean.

 

Aita Lizarralderen omenez


(Argazkia: Arantzazuko artxiboa)

1964ko irailaren 27an inauguratu zuten aita Lizarralderen eta baseliza eraikitzeko lagunen omenezko monolitoa. Lasarte eta Lazkao Txiki bertsolariak egon ziren ekitaldian, beste hainbat herritarrekin batera.

 

Atseden-leku


(Argazkia: Bergarako Udal artxiboa)

Erretratuak ez dauka data zehatzik, baina agerikoa da Urbiarekiko debozioa aspalditik datorrela. Mendizale askoren bilgune izan da eta izaten jarraitzen du; urteko sasoi guztietan mendizale ugari ikus daiteke han. Haatik, San Inazio eguna, uztailaren 31, ospakizun egun berezia izaten da Urbian.

 

Arantzazuko Ama


(Argazkia: Arantzazuko artxiboa)

Julio Beobidek zizelkatu zuen irudia, egurrean. Ostean, Ignazio Zuloagak polikromatu zuen.

 

Kapilauak


(Argazkia: Arantzazuko artxiboa)

Hainbat frantziskotar izan dira Urbian meza emateaz arduratu direnak. Aita Lasa, Julian Letona, Joseba Etxeberria eta Roman Azkue, hurrenkera horretan. Argazkian, Joseba Etxeberria eta Jabi Larral.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak