Gogoz zeuden oñatiarrak etxeko lehen partiduan hiru puntuak eskuratzeko, baina aurkari gogorra izan dute aurrean, eta detaile txikietan erabaki da neurketa. Lehenengo zatia aukera garbirik gabekoa izan da, zelai erdiko joko askokoa. Gotzon Urzelairen mutilak baloiaren jabetza izan eta, hura baliatuz, erasora joateko asmoarekin zelairatu dira. Zumaiakok berriz, min egin die oñatiarrei baloi luzeen bitartez, baina Jon Irazabalen atean arrisku handirik sortu gabe. Ezer gutxi gertatu da aurreneko 45 minutuetan, eta atsedenaldira husna iritsiko zirela zirudienean sartu du partidako aurreneko gola Zumaiakok.
Kolpe gogorra izan da huts eta batekoa Aloña Mendikoentzat, baina Urzelaik partidaren ostean aipatu bezala, "bigarren zatira gogoz eta indartsu" sartu dira oñatiarrak. Ez dute aukera garbirik sortu, baina lortu dute zumaiarren joko zuzena indargabetzea. Hala, "erosoago" sentitzen hasi direla aitortu du Aloña Mendiko entrenatzaileak, baina partidua amaitzeko hamar minuturen faltan sartutako golak erabakita utzi du partidua.
Galdu arren, "taldeak egindako lanagatik harro" agertu da Urzelai, eta zelaian "bi talde on" ikusi direla adierazi du. Aitortu du "taldea etengabe hobetzen" ari dela, eta denboraldiak aurrera egin ahala ikusiko direla emaitzak.
Oro har, emaitza onak gainontzeko taldeetan
Gizonezkoen Erregional Mailako bigarren jardunaldian txanponaren bi aldeak bizi izan dituzte Debagoieneko gainontzeko taldeek. Bergarak galdu egin du Tolosaren aurka, 0-1, bigarren zati hasieran sartutako gol batekin; Mondrak, berriz, garaipen garrantzitsua lortu du Elgoibarren, 0-2, Iker Pavonek azkenengo hamar minutuetan sartutako bina goli esker.
Emakumezkoen Erregional Mailari dagokionez, hiru puntuak eskuratuta hasi du Bergarak denboraldia. Ostadar taldearen bisita jaso dute mahoneroek Agorrosinen, eta Maider Jorgeren eta Uxue Iparragirreren golei esker lortu dute garaipena, 2-1.