Gorriz jantzi dute Herriko Plaza, 75. urteurrena ospatzeko

Julen Murua Mesonero 2024ko ira. 21a, 09:56

Mila lagunetik gora batu ziren atzo gauean Oñatiko Plazan, Aloña Mendi kirol elkartearen 75. urteurrenaren ospakizun ekitaldian. Ia 2.500 kirolariz, 275 teknikariz eta 14 sailez osatutako elkartearen 75 urteak ospatu zituzten eta, ordu betez, plaza gorri kolorez margotu zuten herritarrek.

Bazegoen ekitaldia bertan behera geratzeko arriskua, baina ekaitzak ere ezin izan zuen zapuztu atzo Oñatiko Plazan bizitakoa. Ilunkeratik ikus zitezkeen Aloña Mendiko elastiko gorriak Oñatiko kaleetan. Haur, gazte zein heldu; denak, 75 urtez herriko kirolaren erdigune izan den elkartearen urteurrena ospatzera. 21:00ak aldera, Aloña Mendiko lehendakari Anton Inzak jarri zuen klubeko bandera udaletxean, eta horrekin batera hasi zen ekitaldia.

Alfonbra gorrian zehar

14 sailek osatzen dute Aloña Mendi kirol elkartea: Triatloia, Karatea, Tenisa, Areto futbola, Gimnasia, Igeriketa, Saskibaloia, Eskubaloia, Atletismoa, Espeleologia, Mendia, Pilota, Txirrindularitza eta Futbola; eta bertako kirolari askok aitortu zuten "inolaz ere" ez zutela espero "horrenbeste herritar batzea" urteurren ekitaldian. "Sentimendua", "familia", "kirol elkarte bat baino gehiago"...horiek izan ziren sailetako kideek gehien azpimarratu zituzten hitzak Aloña Mendi elkarteaz hitz egiterakoan, eta egindako deskribapenen erakusle izan zen, ostean, plazan gertatutakoa.

Sail gazteenetik hasi –Triatloia– eta zaharrenera arte –Futbola–, banan-banan igaro ziren plaza guztia zeharkatzen zuen alfonbra gorrian zehar. Euren egoera azaltzeko, jendea partiduak edo txapelketak ikustera hubildu dadila eskatzeko, edo besterik gabe, eskerrak emateko aukera izan zuten sail bakoitzeko ordezkariek oholtza gainean, eta hori egitearekin batera, poliki-poliki betetzen joan zen plaza, ia lekurik gabe gelditu arte.

Amaiera borobila

Sail guztiak aurkeztuta, eta plaza beteta zegoela, "75 urteetan zehar Aloña Mendiko parte izan, baina gaur egun ez daudenak gogoan" izan zituzten txalo zaparrada batekin. Gaur egungo jokalari eta teknikariez gain, urteetan klubaren parte izan direnetako asko ere gerturatu ziren ekitaldia ikustera, eta horiei ere egin zieten aipamena aurkezleek. Izaro Elortza alkatea eta Saioa Arkonada kirol zinegotzia ere igo ziren oholtzara "eskerrak" eman eta "datozen urteetan ere bide berbera" egiteko eskatzera. Ostean, 14 suziri bota zituzten zerura –sail bakoitzeko bana– eta Arantzazu Saiz, Iñaki Igartua, Egoitz Olalde eta Markel Bellido musikariek Aloña Mendiren ereserkia interpretatu zuten ekitaldiari amaiera emateko.

"Hasieratik amestu bezala"

Hilabeteak zeramaten antolatzaileak Aloña Mendiren 75. urteurrenaren bueltako ekitaldia prestatzen, eta guztia amaitu ostean "egindakoarekin oso pozik" zeudela aitortu zuten. Eguraldiaren mehatxua izan zuten aste osoan zehar, baina horrek ere errespetatu zuen eta ekitaldia "hasieratik amestu bezala" atera zela aitortu zuen antolakuntzako kide Aratz Losadak. Irantzu Mugarza ere ibili zen antolatzaile lanetan, eta eguraldiagatik "beldurrez" zeudela aitortu arren, "egindakoarekin oso pozik" amaitu zutela adierazi zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak