Donostiako Zinemaldian ez ezik, Oñatiko plazan ere alfonbra gorria ikusiko eta zapalduko dute bihar, egubakoitza. Aloña Mendi kirol elkartea zer den erakusteko aurkezpen ekitaldi bat antolatu du klubaren 75. urteurrena ospatzeko sortutako taldeak. Plazan izango da. Alfonbra gorri bat jarriko dute udaletxetik pareko arkupetaraino, eta handik pasako dira elkartearen parte diren hamalau kirol sailetako kideak, entrenatzaileak, zuzendaritzako kideak zein kirolariak. Argiztapen berezia izango duen ekitaldia izango da, gauez, 21:00etan. Ordubete iraungo du eta herritarrak gonbidatu dituzte plazara joan daitezen, aurkezpena zuzenean ikusteko.
Sentimendua ere bai
Hamalau kirol sail daude Aloña Mendi kirol elkartearen barruan, eta horrek hartzen duen bolumena, elkartearen argazkia, erakutsi gura dute aurkezpen horrekin. "Elkarte bakarrak horrenbeste sail kudeatzea ez da ohikoa. Zarautz izan daiteke beste adibide bat, baina, normalean, baita inguruko herrietan ere, hiruzpalau sail baino ez dira egoten elkartearen barruan; gainerakoek elkartetik kanpo funtzionatzen dute, herrikoak izan arren. Oñatin Aloña Mendiren barruan batzen dira kirol sailak, eta, oñatiar guztiok hori badakigun arren, hori bisualki erakutsi gura dugu prestatutako ekitaldi berezi honetan", dio antolaketa taldeko kide Aratz Losadak.
Aloña Mendiren ezaugarria hori izanik, orain arte bertan ibili direnei aitortza egiteko modua ere badela gaineratu du Losadak. "Modu batera edo bestera, herritar gehienek dute edo izan dute loturaren bat Aloña Mendirekin, gertuko sentitzen dute, eta hori aurretik lanean ibili direnei esker ere bada; ez da kirol elkarte bat bakarrik, sentimendu bat ere bada. Bestalde, kirolaz harago, sozializaziorako espazioa edo erreminta ere bada, ohitura osasuntsuak ere sustatu dituena".
Elkartearen 'taupadia'
Hain zuzen ere, sentimendu horren taupadari irudia jarri gura diote gaueko ekitaldian. Egun, infantil mailatik aurrerako milatik gora lagunek osatzen dute Aloña Mendi –beste horrenbeste daude mendian federatuta–, eta euren aurkezpeneko jai potoloa izango da gaueko aurkezpena. Udaletxe ondoko oholtza gainetik sail bakoitza aipatu eta bertako prestatzaileak zein kirolariak pasako dira alfonbra gorritik. Plazako beste ekitaldi batzuetan moduan, hesiak jarriko dituzte alde bietan, eta handik jarraitu ahal izango dute ikuskizuna herritarrek.