Herriko dendak etxeko txikiengana hurbiltzea da Txanda elkartearen asmoa, gaztetxoek jakin dezaten nork, zer eta non saltzen duen. Eta helburu horrekin jarri du martxan marrazki lehiaketa.
Herriko saltokiak ezagutarazteko helburuarekin, txikizkako merkataritzaren inguruan hausnartzera gonbidatu gura ditu gaztetxoak, gaiari buruzko marrazkia egin eta saltokietan egingo den erakusketan parte hartuta. 4 eta 12 urte arteko haurrendako ekimena da eta tokiko merkataritza gaitzat hartuta marrazki bat egin eta elkarteko saltoki batean entregatzera gonbidatzen ditu Txandak umeak.
Hilaren 23a da entregatzeko azken eguna eta jasotzen diren marrazkiekin zozketa egingo dute 25ean; hamar sari banatuko dituzte: batek 100 eurotan baloratutako opari sorta eta 50 euroko erosketa txartela jasoko du eta gainontzeko bederatzi sarituek, 50 euroko erosketa txartel bana. Marrazkiak dendetako erakusleihoetan jarriko dituzte gero ikusgai.