Soraluzeko Urrats, Antzuolako Oinarin, Arrasateko Txikitxu eta Lore Gazteak, Aretxabaletako Leizarra, Lizarrako Ibai Egia, Zumarragako Irrintzi, Urretxuko Lurra, Zarauzko Jalgi, Gernikako Elai Alai eta Portugaleteko Berriztasuna taldeko kideak Oñatiko dantzari gazteekin elkartuko dira domekan.
Ohi bezala, askotariko euskal dantzak oinarri dituen egitarau oparoa antolatu dute anfitrioiek.
Euria bada, Zubikoan
Herriko askotariko txokoak dantzarekin zipriztintzea dira asmo nagusiak. Otadui zuhaiztian elkartu, Foruen plaza ondoko frontoian hamaiketakoa egin eta ondoren alkate txikiaren ongietorria jasoko dute, 12:00etan kalez kale dantzan hasi aurretik. Bazkalostean, Etxaluzen elkartu eta kalejiran egingo dute Foruen plazarako bidea; han, 17:15ean, talde guztiek elkarrekin alardea egingo dute. Euria bada, Zubikoan izango dira ekitaldiak.