Irati Usandizagak eta Julen Arburuak, etxekoekin batera, kudeatzen dute Lekarozko Infernuko eta Kortariko Gasna gaztandegia eta beraiek irabazi dute, bosgarren aldiz, Nafarroako gazta lehiaketa. Ohi denez, abuztuko azken domekan egin zen txapelketa hori, Uharte Arakilen. Ia 30 gazta aurkeztu zituzten eta eurena izan zen onena.
"Oso-oso pozik" daudela adierazi du oñatiarrak: "Aurreko astean probatu genituen lote ezberdinetako gaztak, onenak moduan bereizten ditugunak. Uharteko lehiaketara aurkeztu genuena oso xamurra zen, koipetsua, zaporez eta usainez bazuen indarra, baita gatzagi naturalaren ukitua ere, orekatua zen, garbia... Ordiziako eta Uharte Arakileko txapelketak izaten dira garrantzitsuenak eta Uharteko dastatzaileek ondo baloratu zuten gurea. Oso-oso pozik gaude".
2018a, 2019an, 2022an, 2023an eta 2024an lehen saria irabazi dute Nafarroako gazta txapelketan baina Usandizagak dio lehenaren pareko ilusioarekin jaso dutela hau ere: "Urtero izaten dugu ilusio berria, urtero borrokatzen dugu gazta kanpaina bakoitza, urtero dugu lan gogorra egiteko, urte denak ezberdinak dira. Gazta on bat egiteko, ardiak mimatzeko... egunero egin behar da lana eta hori errekonozitzea eta baloratzea asko da guretako, asko".
Ordizian eta Bergaran ere izango dira
Asteburu honetan bertan Elgoibarren ere hartu dute parte, sanbartolomeetako baserritarren eguneko gazta txapelketan, eta hirugarren saria eskuratu dute han. Hurrengo bi azoketako lehiaketetan ere parte hartuko dutela aurreratu du oñatiarrak: Ordizian hilaren 11n egingo den Euskal Jaien azoka berezian, eta irailaren 14ko San Martin jaietako azokan, Bergaran.