Enric Marco Batlleren bizipenak ditu ardatz Veneziako 81. Zinemaldian bihar, abuztuak 30, estreinatuko duten Marco filmak. Eduard Fernandezek gorpuzten du pertsonaia, eta benetako gertakarietan oinarrituta dago; Javier Cercas idazlearen El impositor (Ezarlea) liburuaren egokitzapen bat da. Hain justu, nazien kontzentrazio-esparru batean preso hartua izan zela zioen Marcok, eta Holokaustoaren Biktimen Espainiako Elkarteko presidente ere izan zen, harik eta egun batean historialari batek bere kontakizuna erabat faltsua zela jakin zuen arte.
Moriarti eta Irusoin euskal ekoiztetxeak daude, besteak beste, lan honen atzean, eta Nathalie Poza, Chani Martin, Sonia Almarcha, Fermi Reixach, Julia Molins, Vicente Vergara eta Jordi Ricok osatzen dute aktore taldea.
Hautaketa "sari bat" da
Veneziako Zinemaldirako hautatuak izatea "sari bat" dela aitortu du Aitor Arregi oñatiarrak. 2006an hasi ziren lehen urratsak egiten lan honetarako, dokumental bat egiteko asmoz, baina fikzioa sartzen hasi ziren apurka, eta, azkenean, pelikula bat ondu dute.
Veneziako Zinemaldiaren ondoren, berriz, Donostiakora egingo du jauzi filmak, baina lehiaketatik kanpo egongo da ikusgai: irailaren 28an, Belodromoan. Zinema aretoetara, berriz, azaroaren 8an iritsiko da.