Veneziako Zinemaldian estreinatuko dute 'Marco'

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko uzt. 28a, 15:20

Jon Garaño eta Aitor Arregi zuzendariak, 'Marco' filmaren errodajean.

Jon Garañok eta Aitor Arregik, filmeko zuzendariek, Eduard Fernandezen lana goraipatu dute, pertsonaia nagusia gorpuztu baitu. "Oso pozik" daude Venezian lehiatzeko aukera izateagatik.

Veneziako 81. Zinemaldian estreinatuko dute Marco filma, Orizzonti sailean lehiatuko baitu. Jon Garañok eta Aitor Arregi oñatiarrak zuzendutako lana da, eta Enric Marcoren bizipenak ditu ardatz. Hain justu, nazien kontzentrazio-esparru batean preso hartua izan zela kontatzen zuen Marcok, eta Holokaustoaren Biktimen Espainiako Elkarteko presidente izatera ere igaro zen, harik eta egun batean historialari batek bere kontakizun erabat faltsua zela jakin zuen arte.

Eduard Fernandezen lana izan da Enric Marcoren pertsonaia gorpuztea, eta aktoreak eginiko "lan bikaina" nabarmendu dute zuzendariek: "Pertsonaia sendo eta ñabarduraduna eraiki du, filmak aurrera egin ahala eboluzionatzen duena. Marcoren gorputzean sartzea ez da batere lan erraza izan, adin desberdinetan pertsona erreal bat gorpuztea eskatzen baitzuen, baina Marcoren nortasunaren funtsezko zerbait transmititzeko gai izan da: ikusleengan sentsazio kontrajarria eragiteko gaitasuna; aldi berean, lasaitasuna eta segurtasuna transmiti ditzake bere baitan, eta sen ilunak ere gogora ditzake".

Filmeko lantaldea

Jon Garañok, Aitor Arregik, Jorge Gil Munarrizek eta Jose Mari Goenagak ondu dute filmaren gidoia, eta Ander Barinaga-Rementeria, Ander Sagardoy, Xabier Berzosa eta Jaime Ortiz de Artiñanak ekoitzi dute. "Filmaren bidaia Venezian lehiatuz hastea jauzi kualitatibo handia da zuzendarien ibilbidea ez ezik, Loreak, Handia eta La trinchera infinita filmetan lan egin dugun taldearenean. Oso pozik gaude, aukeraketa horrek filmaren nazioarteko proiekziorako bultzada bat eskatzen baitu", nabarmendu dute lantaldeko partaideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak