Oñatiko eta Burjassoteko musika bandak elkartu dira asteburuan

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko uzt. 21a, 16:24

Elkartrukearen lehen zatian valentziarrei egokitu zaie Oñatira etortzea. Herria bisitatu eta ezagutzeaz gain, gaur domeka, Oñatiko kaleetan zehar kalejira egin dute, eta, ondoren, kontzertua eskaini dute Lazarraga jauregiko lorategian; kontzertuko azken bi kantuak batera jo dituzte. Urrian Oñatiko Musika Banda joango da Burjassotera

Oñatiko Musika Bandaren eta Burjassot herriko musika bandaren arteko elkartrukeak, Oñatin izan du lehen geldialdia.Valentziarrak asteburu osoan zehar izan dira gurean, eta, Oñatin bisitatu eta ezagutu ostean, kalejira, eta ordubete inguruko kontzertua eskaini dute Lazarraga jauregiko lorategian. Eurak izan dira protagonista nagusiak, baina kontzertuko azken bi piezak bi bandek elkarrekin jo dituzte; guztira 100 musikari baino gehiagoko banda osatu dute.

Duela urte eta erdi jaso zuten oñatiarrek gonbidapena eta hasierako zalantzak uxatuta, inoiz bizi gabeko esperientzia batean murgiltzea erabaki zuten. "Valentziako bandek badute ohitura elkartrukeak egiteko, baina gure kasuan lehen aldia da. Bertan bandak oso garrantzitsuak dira eta hasiera batean beldur ginen ea euren mailan egongo ote ginen edo ez, eta aurrera egitea erabaki genuen. Azken finean hau ez da lehiaketa bat, denon artean musika egitea baizik", dio Aitor Biain Bidartek Oñatiko Musika Bandako zuzendariak.

Oñatiarrentzat lehen aldia da horrelako elkartruke bat egiten dutela, baian Burjassoteko kideak ere lehen aldiz etorri dira Euskal Herrira. "Hegoaldean eta nazioarteko txapelketetan egon izan gara, baian lehen aldia dugu Euska Herrian eta ikaragarrizkoa izaten ari da, asko gustatu zaigu herria", adierazi du Francisco Piñero Los Silos de Burjassot musika taldeko presidenteak.

Banden arteko antzekotasunak

Ia seiehun kilometro daude Oñati eta Burjassot herrien artean, baina antzekotasunak aurkitu daitezke, hain zuzen bi bandei esker, izan ere, Biainek zein Piñerok bat egiten dute beteranoekin osatutako "talde gazteak" direla bi bandak. "Adin guztietako pertsonak ditugu eta hori da politena. Hamabost urteko gazte batek hirurogei urteko pertsona batekin nola hitz egiten duen ikuste oso interesgarria da, eta, hor sortzen diren sinergiak ere oso garrantzitsuak dira" dio Biainek.

Piñerok gaineratzen du horrelako bidaiek laguntzen dutela harremanak estutzen eta baita taldea egonkortzen ere: "Oso talde gaztea gara eta bidaia hauek jendea mugitzea eta animatzea ekartzen dute. Era berean aukera ematen digu beste banda batzuekin jotzeko eta ilusio askorekin egiten ditugu irteera hauek".

Urrian Valentziara

Elkartrukearen lehen zatia besterik ez da izan asteburu honetakoa. Datorren urrian Oñatiko Musika Bandaren txanda izango da eta Burjassoten egingo dute asteburua. Aitor Biain Bidartek aurreratu  du hasiak direla gauzak prestatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak