Frantziarrak nagusi bederatzigarren Kantoikrit lasterketan

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko uzt. 21a, 11:39

Iaz bezala euriak baldintzatutako lasterketa izan zen atzokoa, eta, zaparrada artean, Allan Milliot frantziarra izan zen azkarrena. Bigarren tokian amaitu zuen Luis Brenes bartzelonarrak eta podiumeko hirugarren kaxoira igo zen Iker Senar Oñatin bizi den aramaioarra; oñatiar azkarrenaren saria ere berak eraman zuen. Emakumeetan ere lehen postua frantziar batentzat izan zen, Agnes Alimontirentzat; bigarrena Maialen Zabala izan zen eta hirugarren amaitu zuen Maria Orregok.

Bederatzigarren Kantoikrit lasterketan euria izan zen, iaz bezala, protagonista nagusia. Egun osoan euriaren mehatxupean zeuden txirrindulariak, eta bai, lasterketa hasi orduko hasi ziren lehen tantak erortzen. Honek baina beste ikusgarritasun bat ematen dio lasterketari eta hala izan zen atzokoan ere. Herritarren gozamenerako emozioz beteriko lasterketa izan zen, hasieratik erorikoak zein sustoak nagusitu ziren zirkuituko bihurgune askotan.

Lehen itzulitik lasterketaren buruan jarri zen amaieran irabazle izango zen Allan Milliot frantziarra, baina gertutik jarraitu zion Luis Brenes bartzelonarrak. Itzuliak aurrera joan ahala, txirrindulari batzuk lasterketatik kanpo gelditzen joan ziren, motoak pasata edo erorikoen ondorioz. Milliotek ederki kudeatu zuen Brenesekiko zuen abantaila, baina arriskuan ere izan zuen lehen postua, izan ere, azken itzulian erorikoa izan zuen, baina azkar batean bizikleta gainean jarri eta helmugara lehenengo iristea lortu zuen. "Egia esan lasterketan zehar ez nekien lehen postuan nengoenik eta motoa geroz eta gertuago nabaritu dudanean konturatu naiz horrekin. Azken itzulian bihurguneetan are gehiago estutzen saiatu naiz Brenesekiko nuen distantzia handitzeko", adierazi zuen Allan Milliotek.

Iker Senar hirugarren

Frantziarrari eta kataluniarrari Iker Senar Oñatin bizi den aramaioarrak lagundu zien podiumean. Lehen bi sailkatuak baino atzerago ibili zen Senar, baina azken itzulian beste bi txirrindularirekin jokatu zuen hirugarren postua. Pozik agertu zen amaieran: "Ezusteko handia izan da niretzat. Hasieran atzean jarri eta lasai lasai nire erritmoa aurkitzea zen asmoa, baina itzuliak aurrera joan ahala, geroz eta azkarrago nenbilen bihurgune artean eta aurkariak ere atzean uzten nituela ikusi dut. Oso pozik amaitu dut", adierazi zuen Senarrek.

Agnes Alimonti lehena nesketan

Aurreko edizioan bezala, aurten ere nesken podium propioa izan dute, eta, lehen kaxoira igo zena Agnes Alimonti frantziarra izan da. Alimonti gustura agertu zen egindako lanarekin, baina lasterketaren zailtasuna azpimarratu zuen. "Errekonozimendu itzulian beldur pixka bat sartu zait eta euria hasi denean ia ez nuen bizikleta gainean jartzerik nahi. Gainera gizonezkoekin lehiatzean argi nuen eurak eroriz gero, gu ere atzetik eroriko ginela". Zailtasunak zailtasun, datorren urtean errepikatzeko asmoa ere erakutsi zuen. Emakumezkoen podiumeko bigarren eta hirugarren postuak bi bartzelonarrentzat izan ziren; Maialen Zabala eta Maria Orrego hurrenez hurren.

Bederatzi txirrindularik amaitu zuten

Aurtengo edizioan ohi baino txirrindulari gutxiago egon dira, hogeita hamalau, eta, horietatik bederatzik bakarrik amaitu zuten lasterketa. Alde batetik erorikoak eta bestetik motoak pasata, gutxinaka txirrindulariak lasterketatik kanpo gelditzen joan ziren. Denek bat egiten dute oso lasterketa teknikoa dela Kantoikrit eta euriak ere asko baldintzatzen duela lasterketa prestatzerako garaian.

Erlazionatuak

Kantoikrit 2024ko sari banaketa

Iñigo Barrena Kortabarria uzt 21 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak