Kantoikriten bederatzigarren aldia jokatuko da bihar, 22:00etan, eta aurten ohiko zirkuitua errekuperatuko du lasterketak. Herriko Plazan hasita, Atzeko kalea, Patrue kalea, Santa Marina, Portu, San Anton, Aita Madina eta Unibertsitatea igaro beharko dituzte. Ibilbide horretan hamabost itzuli egin beharko dituzte txirrindulariek; hogeita lau kilometro, guztira.
Parte-hartze txikiagoa
Ohiko ibilbide horretan lehiatuko diren txirrindulari kopuruak, ordea, behera egingo du aurtengo edizioan. Iaz berrogei bat txirrindulari aritu ziren; aurten, asteazkenerako hogeita bostek zuten izena emanda. Tartean, espainiarrak eta atzerritarrak. "Aurreko edizioetako parte-hartzaile batzuek esan digute oporretan daudela edo bestelako konpromiso batzuk dituztela. Dena dela, espero dugu lasterketa egunerako hogeita hamar txirrindulariren bueltan ibiltzea", adierazi du Barrenak. Izena eman dutenen artean hiru dira emakumezkoak, eta, iaz bezala, podium propioa izango dute. Oñatiarrei dagokienez, momentuz, hiruk eman dute izena.
Txirrindulari gutxiago egoteak, baina, ez du esan gura maila handirik ez denik egongo. "Iazko podiumeko lehen biak egongo dira, eta maila handiko beste batzuk ere bai. Ezagutzen ez ditugunak ere badaude; beraz, maila handia espero dugu, baina ez gaude ziur nolako maila egongo den", aitortu du.
Boluntarioak behar dituzte
Lasterketak bere horretan aurrera jarraitzen badu ere, bada antolakuntzatik urtero bidaltzen duten mezu bat: boluntarioen beharra. "Boluntario barik ezinezkoa izaten da maila horretako lasterketa bat aurrera eramatea, eta aurten jende faltan gaude. Horregatik, herritarrei dei egiten diegu", dio Xabier Barrenak, antolatzaileetako batek. Hain zuzen ere, boluntario izan nahi duen orok hitzordua du gaur, 19:00etan, plazako frontoi alboko azokan; Barrenak adierazi du denentzat egongo dela "lantxoren bat".
'Streaming' bidez ikusgai
Oñatiko kaleak lepo betetzen dira urtero lasterketa ikusteko, baina bertatik bertara ikusi ezin dutenek etxetik jarraitzeko aukera izaten dute. Badira urte batzuk lasterketa streaming bidez jarraitzeko aukera egoten dela, eta aurten ere halaxe izango da. Lasterketa hastearekin batera, zuzenean emango dute lasterketa, Kantokriten Youtubeko kanalean.