Gaur izango da Aloña Mendiko futbol sailaren batzar nagusia, 19:00etan, elkartearen egoitzan. "Ohiko formatuan" egingo dutela dio Jabi Agirre arduradunak. Protokoloak hala aginduta, joan den batzarreko akta irakurriko dute, eta jarraian, aurtengo kontuak izango dituzte hizketagai.
Alor ekonomikoa azalduko dute, lehenik; ostean, denboraldiko kirol balantza egingo dute eta "taldez talde urtean zehar izandako garapena" aipatuz joango dira, balorazioa eginda.
Eguna borobiltzeko, futbol sailaren afaria egingo dute Larrain Gainen. Bertan, sariak banatuko dizkiete talde eta maila guztietako jokalariei. "Talde guztietan kirolzaletasunaren saria banatzen dugu; jarrera, jokabide eta asistentzian oinarritutako sari bat. Bi talde nagusietan berriz, gizon zein emakumeetan, erregulartasunaren saria, kemenari saria eta goleatzaile handienari saria banatuko ditugu".