Ekainean hasi zuten Herriko Pilota Txapelketa, eta poliki-poliki jokatuz doaz ligaxkako partiduak. Gizonezko 22 bikotek eta emakumezko bostek eman dute izena. "Pixka bat jaisten joan da txapelketa", dio Oier Fernandez antolatzaileak. Hala ere, kopuru horiek zentzuzkoak iruditzen zaizkio: "Dagoeneko zaharrenak gu gara, eta orain gazteak hasi dira izena ematen. Zenbaki politak dira oraindik". Astelehenetan, eguaztenetan eta egubakoitzetan jokatzen dira partiduak, baina, Fernandezek azaldu duenez, taldeek moldatu egiten dituzte egun horiek euren beharren arabera.
Azken txanpa
Gizonezko bost ligaxka eta emakumezkoen bat daude txapelketan. Uztailean amaituko dira horiek, eta gizonezkoetan ligaxka bakoitzeko bi bikote onenek egingo dute aurrera, talde guztien artean puntu gehien dituen hirugarren taldearekin batera. Emakumezkoetan, lau onenek egingo dute aurrera. Abuztuko oporraldiaren ostean kanporaketak jokatuko dituzte. Finalaren eguna erabat zehaztu gabe dagoela dio Fernandezek, baina joan den urtean bezala hiru partidu egongo direla aurreratu du: Emakumezkoen finala, gizonezkoen finala eta profesional ohien arteko partidua.