Bigarren zatiak onak izan daitezkeen froga

Gontzal Belategi Zubia 2024ko uzt. 12a, 11:00

Larru Beltzak kontzertua jotzen Mondra&Roll jaialdian.

Joan den astean aurkeztu zuen 'Inoren itzala' diskoa Larru Beltzak musika taldeak, Mondra&Roll jaialdian. Datorren eguaztenean, berriz, Antixeneko gaztetxean izango da aurkezpena egiten. Egindako lanarekin oso gustura daude taldekideak.

Kalean da Larru Beltzak taldearen bigarren diskoa, Inoren itzala. Joan den astean aurkeztu zuten diskoa lehen aldiz zuzenekoan. Gainera, aurkezpena ez zen edozein agertokitan izan, Mondra&Roll jaialdi entzutetsuan baizik. "Esperientzia oso ona izan zen. Kontzertua ondo joan zen, inolako ezustekorik gabe. Kantu guztiak jo genituen, denbora eman zigun. Denbora mugatua izan ohi da horrelako jaialdietan, baina ondo egokitu ginen, inolako arazorik gabe", adierazi du Ander Korkostegik, taldeko gitarra-joleak.

Egubakoitzeko lehen kontzertua izan arren, bertaratu zirenek harrera beroa egin zioten Oñatiko taldeari. "Lehen kontzertua izanda ez zegoen gaueko jende kopuru bera, baina bazen jendea eta giroa ere bai, eta gu oso eroso sentitu ginen. Gure sentsazio orokorra ondo egin genuela eta ondo irten zela izan zen".

Bigarrena, etxean

Agertoki handi batetik xumeago batera –baina ez okerragora– pasako da taldea bigarren emanaldian. Datorren eguaztenean, 21:00etan hasita, Antixeneko gaztetxean izango dira diskoa aurkezten. "Konturatu ginen azarora arte Oñatin ez genuela kontzerturik, eta herritik hasi nahi genuen jendearekin konektatzen. Azken ordukoa izan da, baina oso pozik gaude diskoa gaztetxean, gure etxean, aurkezteko aukera izateagatik".

Tamaina aldetik zein emanaldi mota nahiago duten galdetuta, argi du Korkostegik: "Badakigu gure lekua zein den. Guretzako gaztetxeak, orokorrean, eta Antixeneko gaztetxea, batez ere, leku bereziak dira. Hor sentitzen gara eroso, bertako jendearekin egon eta suertatu daitezkeen arazoei elkarrekin aurre egiten".

Inoren itzala diskoaren azala. Argazkia: Larru Beltzak

'Inoren itzala'

Zazpi abestik osatzen dute disko berria. Bereziki gustura gelditu direla dio Korkostegik: "Topikotzat hartu daiteke hori esatea, baina oso gustura gelditu gara diskoarekin, ehuneko ehunean. Kantuak eraikitzeko moduarekin eta lortutako soinuarekin oso gustura gaude". Lehen diskoa autoekoiztua izan zen eta bigarren diskoa, berriz, hasieratik bukaerara arte estudioan grabatu dute: "Soinu aldetik kristoren aldea ikusten da. Konposizio mailan ere pauso bat eman dugu aurrera, eta nik neuk kantuak beteago ikusten ditut, osoagoak".

Bi diskoen konparaketarekin jarraituta, azken hori gutxiago saltzen dabilela uste du gitarra-joleak. Hala ere, horrek askorik kezkatzen ez dituela aitortu du: "Ez gara produktu bat saldu nahi duen enpresa bat eta saltzen ez denean eskura burura eramaten dituena. Horrek ez gaitu askorik ardura; gu gustura gelditu gara, eta horrek balio digu". Diskoa eskuratu nahi duenak Oñatiko Arrano eta Boga tabernetan, Arrasateko Irati tabernan, Eskoriatzako estankoan eta Bergarako Arrano tabernan izango du aukera, hamar euroren truke.

Esperientziaren garrantzia

Esperientzia handiko musikariak dira Larru Beltzakeko kideak. Aurrez, Sospechosos, Golpe de Estado, CC627, Banda Munizipala, Antihumano eta Papalagi taldeetan ibili dira. Hori nabaritu egiten dela dio Korkostegik: "Nik, behintzat, igartzen dut. Azkenean, denborarekin tamaina hartuz zoaz, eta, guztiarekin bezala, ikasten joaten zara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak