Esklerosi anizkoitzagatik "bustiko" dira domekan oñatiarrak, Ademgik –Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitza Elkartea– antolatutako Busti zaitez kanpainaren 26. aldia iritsiko baita Oñatira. Antolatzaileek azaldu dutenez, jardun "solidarioa" da, bi helburu zehatz dituena: "Gizartea gaixotasun neurologiko honek aurkezten dituen arazoez sentsibilizatzea eta informatzea, alde batetik; eta elkarteak gaixotasuna pairatzen duten pertsonentzako eskaintzen dituen birgaitze-zerbitzuak finantzatzeko dirua lortzea, beste aldetik".
Herritarrek, beraz, Oñatiko Foruen Plazan jarriko duten standean edizio honetarako diseinatu dituzten produktuak erosteko aukera izango dute, eta baita dohaintzak egitekoa ere. Sare sozialetan kanpaina zabaltzeko ere eskatu diete herritarrei.
Bustitzeko" arrazoiak
Horrez gain, "bustitzeko" arrazoien berri eman dute antolatzaileek. Haien arabera, 750 pertsonak dute esklerosi anizkoitza Gipuzkoan, baina oraindik "ezezagunak" dira gaixotasunaren arrazoiak; beraz, kanpaina babestu behar dela uste dute. Ez, ordea, soilik horregatik. "Zirkulazio istripuen ondoren, pertsona heldu gazteen desgaitasunaren bigarren arrazoia ere bada; horrez gain, elkarteari beharrezko baliabide ekonomiko eta materialak emateko arrazoietako bat izan daiteke bustitzea".