Ane Zubeldiak eta Edurne Ormaetxeak jantzi dute Ulma Challengeko txapela

Julen Murua Mesonero 2024ko uzt. 7a, 19:26

Goizeko erlojupekoko eta arratsaldeko errepideko lasterketak aintzat hartuta, Zubeldia –zarauztarra– eta Ormaetxea –aramaioarra– gailendu dira Ulma Challengean. Zarauztarra aurreneko postuan geratu da kronoigoeran eta bigarren iritsi da errepideko lasterketan; aramaioarrak berriz bigarren postuan amaitu ditu bi probak.

Txirrindularitza gustuko dutenentzat egun paregabea izan da gaurkoa; izan ere, goizean eta arratsaldean Ulma Challengeko probak jokatu dituzte Oñatin: erlojupekoa eta errepideko lasterketa, hurrenez hurren. Kronoigoeran Ane Zubeldia izan da azkarrena kadeteetan, eta harekin batera igo dira podiumera Naxara Odriozola eta Maialen Narbona; juniorretan berriz, Iratxe Askasibarrek egin du denbora onena, bigarrena izan da Edurne Ormaetxea eta hirugarrena Nahia Lopez.

Goizeko etxeko lanak eginda, sailkapen orokorra erabaki duen proba jokatu da arratsaldean: errepideko lasterketa. 63 kilometroz ibili dira txirrindulariak bizikleta gainean, eta askok aitortu dute lasterketan gustura ibili arren, "Santipillauko igoera gogorra" egin zaiela. Kontuak kontu, goizeko protagonista ia berberak ibili dira arratsaldeko lasterketako aurreneko postuetan. Zubeldia eta Mirari Gotxik batera zeharkatu dute helmuga, eta azken honek eraman du lasterketako garaikurra. Euretik oso gertu, hirugarren postuan, helmugaratu da Narbona, eta hark osatu du errepideko lasterketako kadeteen podiuma. Sailkapen orokorrean aurreneko postuan amaitu du Zubeldiak, bigarrena izan da Gotxi, eta hirugarrena Narbona. Juniorretan ere, antzeko kontuak. Naiara Espinosa izan da lasterketako helmuga zeharkatzen lehena, eta haren atzetik igaro dira Edurne Ormaetxea eta Nahia Lopez. Sailkapen orokorreko podiumera ere hiru emakume horiek igo dira; Ormaetxea aurreneko postuan, Espinosa bigarrenean eta Lopez hirugarrenean.

Egunaren amaieran, beraz, Zubeldiak eta Ormaetxeak jantzi dute Ulma Challengeko txapela. Zubeldiak bazekien Santipillauko aldapan aurrea hartzen saiatu ezkero "irabazteko aukerak" izango zituela, eta emaitza ona lortu du jarraitutako estrategiarekin; Ormaetxeak berriz, aitortu du ez zuela espero "erlojupekoan lortutako emaitza" eta arratsaldeko lasterketan "pena apur batekin" amaitu duela haren burua "lasterketa irabazteko gai" ikusi duelako. Hala ere, egindako lanarekin eta jasotako sariarekin "oso pozik" amaitu dutela adierazi die bi txirrindulariek GOIENAri.

Sailkapen orokorra

  • Junior kategoria:
    • Edurne Ormaetxea Arriaran
    • Naiara Espinosa Angulo
    • Nahia Lopez Rufo
  • Kadete kategoria:
    • Ane Zubeldia Peñagarikano
    • Mirari Gotxi Olartekoetxea
    • Maialen Narbona Bilbao

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak