250 lasterkariren langa gaindituta dator Torreauzoko krosa

Amaia Txintxurreta Guridi 2024ko eka. 27a, 12:00

Iazko kroseko irteera puntuan, parte-hartzaileak lasterketa egiten hasi berri.

Torreauzoko krosa egingo dute domekan, 25. aldiz, eta irudi berriarekin baina betiko ilusioarekin antolatu dute Abixaranekoek. 250 korrikalarik baino gehiagok eman dute izena, 26 talde ere izango dira, gutxienez, eta oraindik aukera dago parte hartzeko.

Torreauzoko Herri Lasterketak 25. aldia beteko du domekan. Abixaran taldeak antolatzen duen zazpigarrena izango da eta 2016an finkatu zituzten helburuei "tinko eutsiz" jarraitzen dutela adierazi dute: "Lasterketaren izaera herrikoia gorde eta emakumeen partaidetza sustatzea". Horretarako, batetik, lasterketa amaieran banatzen dituzten sariak eta zozketatzen dituzten opariak gehitzeko ahalegina egiten dute, urtetik urtera, herriko merkatari eta ostalarien laguntzarekin; bestetik, korrikalariak taldeka parte hartzera animatzen dituzte, emakume asko hala entrenatzen direlako eta ariketa fisikoari jarraipena emateko taldearekiko konpromisoa oso lagungarria dela uste dutelako.

Irudi berria

Lasterketaren logoa eta kartela berritu egin dituzte, Torreauzoko hitzorduaren "filosofia eta egungo errealitatea hobeto" irudikatzeko asmoz. "Familia edo lagun artean korrika egitea, gizonak eta emakumeak parez pare eta kirolaren balio integratzailea aldarrikatu nahi dugu kartel berriarekin", diote. Lasterkari guztiek jasoko duten kamisetaren diseinua ere bereziki zaindu dute.

Oraindik izena eman daiteke

Antolatzaileek aurreratu dute dagoeneko 250 lasterkarik baino gehiagok eman dutela izena, eta 26 talde ere osatu direla parte-hartzaileen artean. Antolatzaile taldeko Ainara Diaz de Gereñuk adierazi du "pozik eta urduri" daudela, aldi berean, zifra horiek ikusita, baina gogotsu daude domekarako.

Gainera, oraindik badago izena emateko aukera. Herrikrosa. eus atariaren bitartez egin behar da. Epearen arabera, prezioa aldatu egingo da: gaurko –ekainak 28– 22:00ak arte, 10 eurotan; eta etziko –domeka– 09:00ak arte, 18 eurotan. Lasterketa egunean bertan, 09:00tan itxiko dute izen-ematea. Dortsalak Torreauzon jaso beharko dira goizean bertan.

Antolatzaileek taldeetan parte hartzera gonbidatu dituzte parte-hartzaileak. Ez dute federatu mailako talde bateko kide izatea eskatzen. Hiru lagun elkartu eta talde-izen berberarekin inskribatzea nahikoa da. Opari bereziak izango dira, gainera, taldeentzat eta baita emakumeentzat ere, Abixaran elkarteak lasterketaren antolakuntza hartu zuenetik urtero egiten duten bezala. Eta Diaz de Gereñuk hauxe gaineratu du: "Dagoeneko aurten gainditu dugu talde kopuruari dagokionez geneukan zifra. Izan ere, orain artean hamasei taldek hartu dute parte, gehienez, eta aurten dagoeneko 26, behintzat, apuntatu dira. Gainera, oraindik izena eman daiteke eta bikotea osatuta duten askok seguru aukera daukatela hirugarren batekin elkartu eta taldean parte hartzeko".

Guztientzako lasterketa

Aniztasun funtzionala duten gaztetxoek eta mugikortasun mugatua duten lasterkariek ere parte hartu ahalko dute, azken urteetan bezala. Handbikean eta aulki gurpildunean doazen lasterkariak eta laguntzaileak 10:00etan irtengo dira, Etxe Aundi hotelaren paretik; gainontzekoak, 10:30ean.

Komertzio laguntzaileak

Urtetik urtera, geroz eta herriko komertzio gehiagoren babesa jasotzen du lasterketak eta hauek dira aurtengo laguntzaileak: Agurtzane ile-apaindegia, Aratz fisioterapia zentroa, Bellotza loradenda, Betik, Bizipoz kafetegia, BM supermerkatua, Coca Cola, D'or estetika zentroa, Eratu fisioterapia zentroa, Etxe Aundi hotela, Fagor Industrial, Goiko Benta ostatua, Gomiztegi, Ion lopez ile-apaindegia, Kaiku, Kimu-Urtxin loradenda, Lana Kooperatiba, Murgialdai txakolindegia, Natra, Natxo Santos argazki denda, Odriozola harategia, Oñabike denda, Oñatiko Udala, Rural Kutxa, Torreauzo, Sanprubusa, Sesiñena ile-apaindegia, Txokolaterixia, Ulma Packaging, Urrats podologia, Zintzo bodega, Zuatzu klinika eta Zumeltzegi hotela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak