Migel Anjel Ibabe 'Agerre' gogoan izan duten desafioan, urdinak irabazle

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko eka. 23a, 14:35

Ingudea altxatzen, trontzan, txingak eramaten eta aizkoran lehiatu ziren hiruna laguneko bi talde zapatuan plazako frontoian. Talde urdina osatu zuten Enaitz Ibabek, Ander Altubek –Eleder Ibaberen ordez– eta Xabi Barrenak; gorria, berriz, Joakin Egañak, Mikel Olaldek eta Gorka Egañak. 2018ko giza probetan laguntzaile izan zuten Migel Anjel Ibabe Agerre izan zuten gogoan.

Atzo arratsaldean bete egin zen plazako frontoia herri kirolen arteko desafioa ikusteko. Talde urdina osatu zuten Enaitz Ibabek, Ander Altubek –Eleder Ibaberen ordez– eta Xabi Barrenak. Adierazi dutenez, Eleder Ibabek astea gaixorik igaro du, eta horregatik ezin izan zuen parte hartu atzoko desafioan. Gorrian, berriz, Joakin Egaña, Mikel Olalde eta Gorka Egaña lehiatu ziren.

Probarekin hasteko, ingudea altxatu behar izan zuten denbora abantaila lortzeko. Talde bakoitzeko hiru partaideek hogeita hamarna altxaldi egin zituzten, eta altxaldi kopurua denbora gutxienean egiten zuen taldea hasiko zen lehenago lanak egiten. Hori horrela, talde gorriak sei segundoko aldea atera zion urdinari eta 18 segundoko abantailarekin hasi zen lanarekin.

Lanekin hasita, ingudea altxatzeak, trontzak, txingak eramaten eta aizkorak osatutako zirkuitoa osatu behar izan zuten partaideek. Bien bitartean, Aitor Tatiegi eta Urko Arregik egin zituzten esatari lanak bertsotan. Azkenerako, talde urdina 18 segundo beranduago hasi bazen ere, lehenago bukatu zituen egin beharrekoak. "Ingudearekin oso ondo hasi gara, baina gero aizkoran pasada eduki dugula uste dut, eta hor pasa gaituzte", zioen talde gorriko Joakin Egañak lehiaren ostean. 45 minutu inguru iraun zuen desafioak.

Migel Anjel Ibabe 'Agerre', gogoan

Duela sei urte egin zuten giza-proba desafioa oñatiarrek Lezokoen kontra. Orduan, Migel Anjel Ibabe Agerre izan zuten laguntzaile. Iazko uztailean zendu zen Agerre eta haren seme Enaitz Ibabek adierazi du aitarekin hitz egina zuela halako desafioren bat egitea: "Betidanik egon da nire etxean herri kiroletako zaletasuna. Aita ere herri kirol zalea zen. Betidanik egon dira presente herri kirolak; agian, ez hainbeste egiterako orduan, baina ni kanpoan egon naiz ikasten eta beti esaten nion aitari ikasketak amaitutakoan Oñatira etorritakoan egingo genuela zerbait. Bera uztailean joan zitzaigun eta harekin genuen ideia aurrera ateratzea izan da helburua".

Hori horrela, lagunekin taldeak osatu eta Oñatiko plazako frontoian egin zuten erakustaldia. Xabi Barrena da talde urdineko parte-hartzaileetako bat eta hark aitortu zuen, Enaitz Ibabek proposamena egindakoak ez zutela asko pentsatu baietz ematerako orduan. Hala, urte hasieran hasi ziren prestaketa lanekin, baina gogorren azken hilabetean ibili dira. "Hemen dago emaitza eta uste dut ona baino oso ona izan dela".

Joakin eta Gorka Egaña lehengusuak talde gorriko kirolariak izan dira, eta hauek adierazi zuten Gabonak inguruan hasi zirela entrenatzen. Alabaina, "serio" azken hilabetean entrenatu dutela.

Herritarren babesa

Plazako frontoiko harmailak guztiz bete ziren, eta harmailatik kanpo ere egon ziren herritarrak proba ikusten. Lehiakideek ez zuten espero hainbeste jende gerturatzerik, baina gustura agertu dira.

"Garrantzitsuena zen ikuskizuna ematea eta jendeak ikus dezala herri kirolak ez direla bakarrik telebistan ikusten dena, horrela ere egin daitekeela: herriko jendea bata bestearen kontra. Desafioa, baina serio hartu barik", zioen bukaeran Gorka Egañak.

Halako beste desafiorik egongo den galdetuta, Enaitz Ibabek aurreratu du ikusiko dela zer bilakaera izango duen. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak