Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak adierazi duenez, kanadarrei "bereziki" prestatutako erakusketa ikusteko aukera izan zuten. Horrekin batera, adierazi dute Ternuari buruzko XVI. mendetik XIX. mendera bitarteko dokumentuak erakutsi zaizkiela; tartean, Ternuan bertan idatzitakoak. Azpimarratu dute Kanadan idatzitako dokumentu zibil zaharrenak direla eta Domingo de Luçaren testamendua nabarmendu dute, euskal baleontzi bateko tripulazio kidearen testamendua, 1563koa, 460 urte baino gehiago dituen idatzia.
Era berean, Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatuak bileraren garrantzia azaldu du. Dio halako kultur trukeek herrialdeen arteko harreman historikoak indartzen dituztela eta Oñatiko artxiboak duen "ondare dokumental aberatsa" baloratzeko aukera ematen dutela.