Betiko mezua dakar biharko Fan Hemendik Egunak

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko eka. 21a, 13:13

2017an egindako Fan Hemendik eguna.

Poteo musikatua eta bazkaria egingo dituzte eguerdian eta plazan hasi eta plazan bukatuko den manifestazioa 18:00etan, Oñati uzteko esateko Guardia Zibilari. Aurrekoak bezala, manifestazio animatua izango da, erraldoiekin eta txarangarekin.

"Ez ditugu herrian nahi, kuartelik gabeko herria izan nahi dugu, eta, hori ahaztu ez dezaten, aldarrikapenak kalera aterako ditugu". Helburu horrekin egingo da, beste behin, Fan Hemendik Eguna Oñatin, bihar, zapatua.

Helburu berekin

Bederatzigarrena izango da aurten. 2018an egin zen azkena, 2019an Jare Kuartela Eguna ospatu zen, eta, pandemia osteko geldialdiaren ostean, berriz bete gura dituzte kaleak, Guardia Zibilari Oñati uzteko esateko: "Ez ditugulako nahi eta ez ditugulako behar". Egungo Fan Hemendik taldea ez da hasierakoa, jende berria dago, baina aldarrikapenak berbera izaten jarraitzen duela adierazi dute: "Fase berri honetan ez du zentzurik Guardia Zibilak hemen egoteak". Gaineratu dute hainbat eragiletako jendeak osatzen duela taldea, eta, aurten atxikimendu kanpainarik ez egin arren, jende askoren ba- besa izango dutelakoan daude. "Ziklo haren bukaerak, baina, ez du beraien presentzian aldaketa nabarmenik ekarri, ez eta joateko intentziorik agertu ere. Zergatik jarraitzen dute, bada, oraindik hemen? Bada- kite, ondo jakin ere, beraien irteera gatazkaren balizko konponbiderako urrats handia dela", diote euren deialdian.

Txarangarekin batera

Eguerdian, 12:30ean, poteo musikatua hasiko dute, Antixena gaztetxean, eta bazkaria egingo dute horren ostean. Manifestazioa arratsaldean izango da, 18:00etan, plazatik abiatuta. Handik gora joango da, Bidaurretaraino, eta gero, Euskadi etorbidetik jaitsiko da Kale Zaharrera, eta Lizaur Arkitektoa kalean barrena plazara iritsiko da. Jarraian egingo duten ibilbidea dela aurreratu dute deitzaileek, ez dutela inon geldialdirik egingo, ezta kuartelaren parean ere. Baina, orain artekoak izan diren moduan, biharko manifestazioa ere animatua izango dela gaineratu dute: herriko erraldoiak aterako dira eta txaranga baten laguntzarekin egingo da. Biharko egunaz gain, beste ekitaldi batzuk ere egin dituzte ekainean zehar –hitzaldiak eta musika, esaterako–, Fan Hemendik Egunaren baitan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak