Oñatiko udalbatzak maiatzeko osoko bilkuran onartu zuen Udalak atxikimendua ematea Bailara elkarteari, 10.000 euroko dirulaguntza emanez 2024ko ekintza plana garatzen laguntzeko. Debagoienan kokatutako sektore askotariko enpresa taldea da Bailara elkartea, eskualdeko ehun sozial eta ekonomikoa indartzeko eta enpresa elkarteen irudia eta lehiakortasuna hobetzeko lan egin nahi duena. "Batez ere, enpresa txikiekin eta ertainekin lan egiten dugu, baina handiak ere ongietorriak dira, bai. Egun, bailarako hamasei enpresa dira bazkide, eta beste askok dagoeneko badute interesa izateko. Elkar ezagutu, elkarren berri izan eta sarri kanpoan egiten diren lanak bertan egitea posible bada, horixe sustatzea da helburua, enpresen ikusgarritasuna handitzen laguntzearekin batera. Guztia koordinatuko duen dinamizatzaile baten beharra dugu orain, eta horretarako izango da hitzarmenen bidez lortzen dugun dirua, hein handi batean", azaldu du Bailarako lehendakariordeak, Alaitz Osa oñatiarrak.
Eguaztenean gauzatu zuten alde biek akordioa, hitzarmena sinatuz. Udalak egindako moduan, herriko enpresak ere horra batzera gonbidatu zituen Elorzak.