Azken egosketa baino ez zaio falta txondorrari. Azken egunetan egindako mantenu lanetan atera dute egur-ikatz apur bat, baina, egun batzuk barru hasiko dira barruan egindako dena ateratzen. Egosten bukatu behar du, lehenengo, barruan pilatutako egurrak, eta hoztu egin behar da gero txondorra.
Ekainaren 1ean piztu zuten txondorra eta harrez gero zaintzak egiten dituzte bertan, Txondorraren bueltan egitasmoko lantaldekoek zein herritarrek. Txondorraren ondoan egin duten txabolan dute prestatuta lotarako lekua eta baita jatorduak prestatzeko sua eta jateko mahaia ere. Eta zaintzak egin dituzten bitartean, txondorra ikustera bisitan doazenak artatzen dituzte eta euren zalantzak, galderak, argitzen lagundu. Atzo, eguaztena, esaterako, Natur Eskolara joandako Legutioko ikasle talde bat egon zen goizean, eta Eibarko Uliazpiko erabiltzaileak eguerdian.