Etxeko txikienendako ipuin kontaketa, adibidez, 12:30ean izango da, Topagunean. "Barruan egingo dugu hori, baina bazkaria eta iluntzeko kontzertuak kanpoan izango dira, aparkalekuan; eguraldia ona bada, behintzat. Dagoeneko 80 bat lagunek eman dute izena bazkaltzeko. Otorduaren ondoren, bertso saioa izango da, Txinparta bertso eskolakoen eskutik, eta Lagun Leku elkartekoekin bingoan arituko gara jolasean. Kontzertuak 18:000etan hasiko dira. Hamarratz erromeria taldea eta Maddi Arlanzon izango dira emanaldia egingo dutenetako bi. Hirugarren batek DJ lanak egingo ditu haien ostean, baina sorpresa da, ezin da izena aurreratu", aurreratu du Eltziako dinamizatzaile Sara Arregik.
Komunitatea indartzeko
Zapatuko egunarekin "komunitatearen sentsazioa areagotu eta indartu" egin gura dutela gaineratu du Arregik: "Pandemia ostetik aldapan gora dabil komunitatea eta hori indartzeko egun polita izan daiteke biharko festa. Topagunean egiten ari diren hileko ekintzek ere gero eta harrera hobea dute, ohitura bihurtzen ari dira, eta oso pozik gaude. Eltziakideek eurek proposatu eta antolatutakoak dira, eta ari da jendea etortzen. Zapatuko ipuin kontaketara eta kontzertuetara ere herritar guztiak daude gonbidatuta".
Egun, 25 talde daude Eltzian –herrikoak denak, bailarako izaera duen DAP izan ezik–, baina proiektu ireki eta zabala dela dio Arregik, eta norbaitek proiekturen bat baldin badauka lasai joan daitekeela gaineratu du.