Araozko ostatua, zabalik berriz

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko eka. 13a, 13:43

Araozko ostatua.

Zapatuan, hilak 15, zabalduko dute berriz Araozko ostatua. German Mirassou izango da kudeatzaile berria eta "ilusio handia" duela adierazi du.

Araozko ostatua ustiatzeko, kudeatzeko eta mantentzeko kontratatuaren hirugarren deialdiak izan du erantzuna eta German Mirassou-ri esleitu dio Udalak kudeaketa; datozen lau urtetarako, beste bost luzatzeko aukerarekin.

Auzotarrak gonbidatu ditu ostatura egubakoitzerako Mirasoou-k, eurekin batera ospatzeko irekiera berria. Eta zapatutik aurrera denendako egongo da zabalik: taberna eguenetik domekara, apartamentuak egunero egongo dira alokatzeko moduan.

"Auzotarrei zerbitzua ematea izango da helburuetako bat"

 

Ostalaritzan badu eskarmentua German Mirassouk (Berazategi, Argentina, 1978), baina Araozko ostatuaren proiektuarekin bereziki pozik dagoela aitortu du. Zapatuan zabalduko dute.

Zerk animatu zaitu Araozko ostatua hartzera?

Erronka desberdina da, batetik. Bestetik, tokia bera zoragarria da, eta, gainera, ni neu pertsonalki beteko nauen proiektu bat dela iruditzen zait, tokiagatik, filosofiagatik...

Ze itxura hartu diozu eraikinari?

Oso ondo dago, berria da. Apartamentuak ere oso politak eta osatuak dira.

Egon zara auzotarrekin?

Bai, egin dut lehen bilera eurekin nire asmoak azaltzeko eta euren nahiak ezagutzeko. Uste dut nahiko ondo joan dela.

Eta zer asmo dituzu?

Eguenetik domekara egongo da zabalik taberna, 10:30etik itxi arte. Pintxoak, errazioak eta plater konbinatuak eskainiko ditugu, eta talde handiendako enkarguzko bazkariak ere hartuko ditugu. Adibidez, bada asmoa Arrikrutz kobetakoekin egoteko eta hara doazen taldeei bazkaltzeko tokia eskaintzeko.

Zein da zure helburua?

Helburu handienetako bat auzotarrei lehentasuna eman eta eurei zerbitzua ematea da. Gazteak ere badaude auzoan, badituzte planak, ideiak, eta uste dut ostatua horren osagarri izan daitekeela.

Ideia asko dituzu harako?

Argentinarra naiz, eta, adibidez, badut barbakoa bat antolatzeko asmoa. Auzotarrei komentatu diet eta ez zaie gaizki iruditu. Babesa eskaini didate nire ideiak gauzatzeko, eta eskertuta nago. Frontoia ere ondoan dago eta horrek ere ematen ditu aukerak, adibidez, emanaldiren bat antolatzeko. Baina poliki hasi gura dut; etorriko dira ekintzak.

Han biziko zara?

Ez. Lau apartamentuak alokatzea da asmoa. Urte osoan egongo dira horiek alokagai.

Zapatutik aurrera egongo da zabalik, ezta?

Bai, hori da. Egubakoitzean, auzotarrak daude gonbidatuta, eta eurekin batera emango diogu irekiera ostatuari, eta zapatutik aurrera edonorendako egongo da zabalik. Ongietorriak zarete denok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak