Aloña Mendiko saskibaloi taldeak hiruko txapelketa antolatu du, aurten lehenengo aldiz. Hilaren 15ean egingo da eta helburua da, "batez, ere, saskibaloia gaztetxoen artean sustatzea, batetik, eta lagunekin elkartu eta saskibaloiaz gozatzea, bestetik".
Hiruko edo lauko taldeak
Kategoriaka egingo dute txapelketa, Zubikoako kantxa berdean, eta apuntatzen den talde kopuruak baldintzatuko du partiduen iraupena. "Saski bakarra erabiliko da partidu guztietan, eta, horrela, partidu bat baino gehiago jokatuko dira aldi berean kantxa berdean. Iraupena edo puntu kopurua izango da muga, baina hamar bat minutuko norgehiagokak izatea da asmoa, laburrak izango dira", dio antolatzaile lanetan dabilen Pablo Zubiak.
Benjamin (2014-2015), alebin (2012-2013), infantil (2010-2011) eta kadete (2008-2009) kategorietan sartzen diren gaztetxoendako txapelketa izango da. Hiruko edo lauko taldeek har dezakete parte eta talde mistoek ere izena eman ahal izango dute; baldintza bakarra da talde bakoitzean bi federatu soilik egon daitezkeela, gehienez.
Doan izango da
Taldekideen izenak jarrita egin behar da izen-ematea. "Gaztelekuko Kuboan eta kiroldegiko sarreran jarri ditugu paperak betetzeko eta ontziak, betetako orri horiek barrura sartzeko. Bestela, karteletan datorren QRan sartu eta agertzen den galdetegia beteta ere eman daiteke izena", dio Zubiak. Txapelketa bera doan da eta izena emateko azken eguna, berriz, ekainaren 12a, datorren eguaztena.
IZENA HILAREN 12A AURRETIK EMAN BEHAR DA, ONLINE EDO PAPERAK BETE ETA ONTZIRA SARTUTA
Taldekideak eurek nahi duten kamisetarekin joan ahal izango dira eta beharra izanez gero txalekoak erabiliko dituzte, antolatzaileek taldeen arteko bereizketa egiteko. "Arbitratzen, saskibaloi saileko zuzendaritzako kideak, entrenatzaileak eta senior mailako jokalariak ibiliko dira. Asmoa da gazteenei oroigarri bana ematea txapelketaren amaieran; beste kategorietan sariak egongo dira finalistendako".
Balorazio "ona"
Denboraldiaren balorazioa eskatuta, "ona" izan dela adierazi du Zubiak: "Mutilen gorengo taldea mailaz jaitsi da, eta hori ez da ona, baina entrenatzaile eta laguntzaile izateko jende asko etorri da elkartera eta oso pozik gaude. Talde guztietan entrenatzaile pare bat ditugu orain eta horrek sendotasuna ematen dio saskibaloiari".