Iñigo Guridi 'Kalibre' omenduko du Gurutze Gorriak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko eka. 10a, 15:39

Iñigo Guridi 'Kalibre', erdian. Irudia: Gurutze Gorria.

Gurutze Gorriaren zilarrezko domina emango die haren senideei, boluntario gisa urtetan egindako ekarpenarengatik.

Debagoieneko Gurutze Gorriak 40. urteurreneko ekitaldia egingo du ekainaren 29an Oñatiko Santa Ana antzokian, eta Iñigo Guridi Kalibre oñatiarraren boluntario lana aitortuko du, Gurutze Gorriaren zilarrezko domina emanda haren familiari, 2019an hil baitzen. "Iñigo lankidea izan zen uneoro, kidea eta laguna. Berarekin bat egiteko zortea izan genuenok haren falta sumatzen dugu oraindik ere, eta azken urteotan lanean aritu diren boluntario berriak haren ibilbideaz interesatzen dira, eta errespetuz eta mirespenez hurbiltzen dira haren memoriara", adierazi du Javier Igartuak, Debagoieneko Gurutze Gorriko presidenteak.

Haren esanetan, Guridiren ekarpena "erabakigarria" izan zen Gurutze Gorria eskualdean sendotu zedin, 1983tik aurrera. Lehen sorospenetako ikastaro baten bidez egin zuen lehenengo harremana, eta beste urrats batzuk egin zituen ondoren; esaterako, Larrialdi Berehala Erantzuteko Taldea sendotzen. Horrez gain, elikagaien bilketan edo boluntarioen prestakuntzan ere pausoak eman zituen. "Hori dela eta, Gurutze Gorriak ohorezko sari hau ematen dio hil ondoren, boluntariotzan egindako lan guztia aitortu dadin".

Ekitaldi "hunkigarria"

40. urteurreneko ekitaldian parte hartu nahi izanez gero –11:00etan izango da–, izena eman behar da aurrez, eta hiru bide daude: dokumentua bete, altodeba@cruzroja.es helbidera mezu bat bidali edo 943 76 55 76 telefono zenbakira deitu. Ekitaldia "oroitzapenezkoa eta hunkigarria" izango dela jakinarazi du Igartuak, eta tartean izango direla udal ordezkariak, eta Jose Luis Peña eta Estibaliz Arnaiz, Gipuzkoako eta Euskadiko Gurutze Gorriko presidenteak, hurrenez hurren.

40 urte, eta aurrera

Gurutze Gorriak herritarrekin batera ospatu nahi du urteurrena, haien zerbitzura dagoela nabarmenduta: "Denbora guzti honetan eboluzionatu egin dugu gure komunitatearen behar sozialei erantzuteko. Hala, duela 40 urte, Gurutze Gorriak hartu zuen istripuetan sorospena emateko ardura, esate baterako; gaur egun, jarduera hori oso profesionalizatuta dago, eta gure egungo lana bereziki ari da bideratzen Debagoienean bizi diren biztanle ahulenei edo gizarte bazterketako arriskuan daudenei arreta emateko", azpimarratu du Igartuak. Hori guztia egin ahal izateko, ordea, era berean, boluntariotzaren beharraz jardun du, boluntarioen ekarpenen garrantzia nabarmenduta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak