Gipuzkoako futbol sariak banatuko dituzte gaur, Oñatin

Xabier Urtzelai 2024ko eka. 7a, 10:00

Manu Diaz eta Javi Azpiazu, iaz Andoaingo ekitaldian. Aloña Mendiko presidentea saritu zuten orduan. Argazkia: Gipuzkoako futbol federazioa.

Aloña Mendiren 75. urteurrena baliatuko du Gipuzkoako federazioak urteroko ekitaldia Oñatin ospatzeko. "Urteurren borobila da, eta hasieratik pentsatu genuen toki aproposa dela ekitaldia ospatzeko", adierazi du federazioko presidente Manu Diazek.

Gipuzkoako Futbol Federazioak, Aloña Mendi KEren 75. urteurrenarekin bat eginez, urteko gala ospatuko du gaur, hilak 7, Oñatiko Santa Ana Antzokian (19:00). Kirol sariketa horretan sari mordoa banatuko dituzte, besteak beste, denboraldian zehar futboleko eta areto futboleko jokalari, entrenatzaile, talde eta epaileek egindako lana eta esfortzua errekonozitzeko helburuarekin. Ekitaldiak ere balio du, baina, garai batean erreferente izan ziren horiek omentzeko. 

Arantza del Puerto

Futboleko mitoaren saria jasoko du, esaterako, Arantza del Puerto (Donostia, 1971) jokalari ohiak. Arantza del Puerto 70 aldiz izan zen internazionala, eta Añorga taldearekin Liga eta Kopako txapeldun izan zen. Harekin batera, Realeko emakumezkoen entrenatzaile izateari utzi berri dion Natalia Arroyo (Esplugues de Llobregat, 1986) eta Sid Lowe (Islington, 1976) kazetaria ere sarituko dituzte –Gipuzkoako futbolaren baloreen hedapenean egindako lanagatik–, eta SD Eibarrek 2023-24 denboraldiko klub onenaren saria jasoko du. Horrekin batera, Joaquin Urio Velazquez eta Mikel Perez Lasa epaileen ibilbideen errekonozimendua ere egingo dute. 

Sari horiek aurrerapen bat baino ez dira, asko daudelako. Eta, federazioko presidente Manu Diazek aurreratu du Debagoienean ere geratuko dela sari bat baino gehiago. "Hasteko, federaziotik ekitaldiaren anfitrioiarekin detaile bat izango dugu, baina horrekin batera Antzuola Kirol Elkarteak ere saria jasoko du. Klub handien lorpenekin batera klub txikiek egiten duten lana eta futbolari egiten dioten ekarpena aitortzea ezinbestekoa iruditzen zaigu, eta uste dugu Antzuola oso lan ona egiten dabilela. Horrekin batera, saritu gehiago ere egongo dira, baina ez dugu dena aurreratuko".  

Aloña Mendi, ospakizunetan

Talde oñatiarra kirol sarien bezperan mailaz igoko zenik ez zegoen aurreikusterik, baina zalantza barik, gogo aldarte on hori ere igarriko da gaurko ekitaldian. "Ezin genuen gidoian halakorik aurreikusi, baina filmetan gertatzen den moduan, futbolean ere gertatu da. Zalantza barik, urteurrenarekin batera Aloña Mendiko seniorren talde nagusia mailaz igo izana oso positiboa da, eta halakoak ondo ospatu behar dira. Gainera, ona da bai Aloña Mendirendako, baina baita bailarako futbolarendako ere. Bergara, Mondra eta Aloña Mendi ohorezko erregional mailan egongo dira datorren urtean, eta bestalde, ea Aretxabaleta hirugarren mailara igotzen den [Joan den astean Bermeon berdindu eta gero (0-0) asteburuan UDAk atsedena izango du]".

Hirugarren edizioa izango da

Gipuzkoako futbol sariek hirugarren edizioa izango dute gaur, formatu honetan bai, behintzat. "Gu federaziora iritsi aurretik sari banaketa ekitaldia urteroko batzarrarekin batera egiten zen, baina aldatzea erabaki genuen. Urteko batzarrean gauza serioetaz egiten da berba, tonu oso formaleko ekitaldia izaten da eta futbol sariak beste tonu batean banatu nahi genituen, Gipuzkoako futbolaren jai bat antolatu nahi genuen. Azken batean, izen ezagunak eta futbol amateurraren bueltan lanean dabiltzanak batzeko eguna da hau, eta egiten duten lan hori errekonozitzeko eguna. Horrela hasi ginen duela hiru urte, eta aurrekoak Tolosan eta Andoainen ospatu eta gero aurten Oñatira etorri behar genuen, herri futbol-zalea da, gainera", adierazi du Manu Diazek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak