Energiaren inguruan Udalak ekainerako antolatu dituen hiru hitzaldietako azkena da gaurkoa: Energiaren gaiari erantzun kolektiboak. Oñatiko alkateak, Izaro Elorzak irekiko du hitzaldia eta orain arteko gakoak laburtu eta trantsizio energetikorantz modu kolektiboan aurrera egiteko herritar modura eta herri gisa dauden aukerez arituko da. Bestetik, Goiener Taldeko Oier Etxebarriak herritarrei trantsizio energetikoan parte hartzeko aukera bat ematen dieten Tokiko Energia Komunitate (TEK) delakoak zer diren eta zein berezitasun dituzten azalduko du, eta inguruko esperientzia batzuk ekarriko. Udaleko zinegotzi Xabier Igartuak ere hartuko du hitza Oñatiko udalerriaren ezaugarriak kontuan hartuta herritarren aktibaziorako eragin esparruak zeintzuk izan daitezkeen argitu eta energia arloko tokiko ekosistema marraztuko du.
Gaurko hitzaldia 18:30ean izango da, kultura etxean. Euskaraz izango da baina zuzeneko itzulpenerako zerbitzua egongo da.
Hiru hitzaldi, irteera eta erakusketa antolatu ditu Udalak Energiaren Zikloa Aktibatu deritzon egitasmoaren barruan. Debagoieneko egoera eta aukera energetikoak erakutsiko dituen erakusketa hilaren 24an zabalduko dute kultura etxean.