Joan den asteko Ostadarren zelaian egindako 2-2koa ez zen emaitza txarra, jakinda, gainera, kanpoan bi gol egin izanak balio handia duela. Baina, berdinketa hark zapore ona baino gazia utzi zien Gotzon Urzelairen mutilei, bazekitelako, Ostadarrek gaur estutu egingo zuela. Eta gidoia bete da. Lehenengo minutuetan kanpotarrak hobeto kokatu dira zelaian, harmailetan ere babes handia zuten –Lasarteko zaleak harmailetako zaborra batzen geratu dira amaieran– eta kantuz animatzen zieten Ostadarreko jokalariei, esanez, etxean jokatzen zebiltzala. Ostadar presio itogarria egiten zebilen, goiko lerrotik hasita, eta arnas gehien behar zuen momentuan etorri da Joseba Larrearen gola (1-0, 27. minutuan). Gol horrek lasaitasuna ekarri du jendez goraino bete den Azkoagainera, zale oñatiarren artera bai behintzat, nahiz eta kanpotarrek animatzen –eta presionatzen– jarraitu duten.
Jokoa baino tentsioa egon da berdegunean, eta baita aulkietan zeudenen artean ere –esanguratsua izan da Ostadarreko entrenatzaile Jon Iruretaren eta Gotzon Urzelairen besarkada partidu amaieran–. Baina lehenengo zatian Ostadarrek estutu egin badu ere ez da izan ate aurrean min egiteko gai, eta bigarren zatian arriskutsuak izateko gaitasuna galdu dute. Oñatiarrak hobeto kokatu dira zelaian, Ostadar saiatu da gora etortzen, baina emaitzarik lortu barik, eta oñatiarrek tokatzen zen partidu serioa egin dute, aparteko ikusgarritasun barik, baina serioa. Bereziki atzean. Eta epaileak nahiz eta zazpi minutuz luzatu duen norgehiagoka, markagailua ez da mugitu. Hala, Aloña Mendik Mondraren bide bera egingo du, iaz galdu zuten biek kategoria, eta biek lortu dute arantza atera eta dagokien tokira bueltatzea, Ohorezko erregional mailara.
Aretxabaletak berdinketa ona Bermeon
Hirugarren mailara igotzeko play-offa ondo hasi du Aretxabaletak, Bermeoko zelai zailean berdinketa lortu dutelako Calzonen mutilek (0-0). Gainera, berdinketa posibleak ekiditeko egindako penaltien txandan aretxabaletarrek hartu dute abantaila.