Azkoagain erabakigarri, urteko garrantzitsuenean

Julen Murua Mesonero 2024ko mai. 31a, 09:14

Aloña Mendiko jokalariak eta entrenatzaileak, Ostadarren aurkako kanporaketaren aurreko entrenamendu batean. Argazkia: Mireia Bikuña.

Ohorezko Erregional Mailara zer talde igoko den erabakiko da zapatuan, 17:00etan, azkoagainen. Joaneko partiduan 2-2 berdindu ostean, irekita dago kanporaketa eta aloña Mendik zein ostadarrek dituzte igoera lortzeko aukerak.

Azken urratsa besterik ez zaio gelditzen Aloña Mendiri Ohorezko Erregional Mailara igotzeko txartela eskuratzeko. Aurreko astean gertatu bezala, Lasarteko Ostadar taldea izango du aurkari Gotzon Urzelaik zuzendutako taldeak, baina oraingo honetan aldagai erabakigarri bat izango du neurketak: Azkoagain. Zozketa bidez erabakita, kanporaketako lehenengo partidua Lasarten jokatu zuten, eta, txantxikuarrak 0-2 aurretik egon ostean, bina berdindu zuen partidua etxeko taldeak. Orain, berriz, Aloñak izango du etxean jokatzeko abantaila, eta Auritz eta Joseba Larrea kapitainek diote "Azkoagain sutan" ikusi nahi dutela asteburuan. Izan ere, esku artean du Oñatiko taldeak igoera, eta "garaipena etxean lortzea baino ezer hobea" ez dagoela diote Larrea anaiek.

Auritz Larrea: "Tentsio handiko partidua izango da, baina taldea momentu onean dago, konfiantza handia dugu eta guztion artean aterako dugu".

Guztia erabakitzeko

Azkoagaingo partidua etxeko lan guztiak eginda jokatu nahi zutela aitortu zion joan den astean Ander Irizar jokalari txantxikuarrak GOIENAri, eta, helburu hori gertu izan bazuten ere, joaneko partiduko emaitzak kanporaketa guztiz irekita utzi zuen. Bi goleko errenta lortu zuten oñatiarrek lehenengo zatian, baina, atsedenalditik bueltan, partidua berdintzea lortu zuen Lasarteko taldeak, korner bidezko bina golekin. Gertatutakoa ikusita, Auritz Larreak dio "tentsio handiko partidua" izango dela eta "gauza txikienek garrantzi handia" izango dutela. Horrez gain, gehitu du taldea "momentu oso onean" dagoela eta "markagailuan aurretik jartzea oso garrantzitsua" izango dela "kanpoan sartutako golek duten balioa dela-eta, emaitza ona" ekarri zuten-eta Lasartetik. Bestalde, Joseba Larreak azpimarratu du "urte osoko joko estilo berbera" erakustea izango dela kanporaketa irabazteko gakoetako bat, horrek eraman baitzuen Aloña "joaneko partiduan 0-2 irabazten jartzera".

Joseba Larrea: "Urte osoko joko estilo berbera egitea eta gure estiloa ezartzea izango dira gakoak; hori egiten badugu, partidua irabaztetik gertuago egongo gara, ziur".

Zaleei deia

Denboraldiko partidu garrantzitsuena etxean jokatuko du Aloñak, eta, neurketak duen garrantzia ikusita, Azkoagain zalez beteta egoteko eskaera egin dute kapitainek, taldearen izenean: "Partidua jokatzeko ilusio handia dugu eta espero dugu Azkoagainen sekulako giroa bizitzea eta jende asko joatea zelaira". Zapatuko partiduari begira, klubak jakinarazi du sarrera doakoa izango dela, "Aloñako zaleak Azkoagainera igo eta harmailak jendez bete daitezen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak