Joan den egubakoitzean, maiatzaren 24an, Fagor Industrial S. Coop.-eko bazkideen batzar nagusia egin zen Oñatin, 359 pertsona bildu zituena. Bertako komunitatearentzat "mugarri den urteroko ekitaldi garrantzitsu" hau, are garrantzitsuagoa izan zen aurtengoan. Izan ere, erakundearen lorpen eta aurrerapen esanguratsuak partekatzeaz gain, 50.urteurrena ere ospatu baitzuten, bazkide fundatzaileei omenaldi "hunkigarria" eginez.
Batzarrean, 2023ko ekitaldiko emaitza ekonomiko-finantzarioak aurkeztu ziren eta, 370 milioi euroko fakturazio-zifrarekin batera, % 12,6ko EBITDA nabarmendu zen. Datu horiek "taldeko kide guztien ahalegina eta konpromisoa erakusten dute, baita merkatu lehiakor batean egindako lanaren sendotasuna ere".
Egoera ekonomikoa aztertzeaz gain, kooperatibaren izen soziala aldatzeko egindako bozketak ere bihurtu zuen berezi aurtengo batzarra. Bazkideek gehiengo zabalarekin onartu zuten Fagor Industrial S. Coop. etorkizunean Onnera Group S. Coop. deitzea. Aldaketaren xedea egungo egitura korporatiboa zehatz islatzea izango da, taldeak hainbat marka komertzial eta filial barne hartzen baititu. Eguneratze horrekin identitate korporatiboa modu argian eta eraginkorrean komunikatzen lagundu nahi da.
Aldaketaren bitartez, honako helburu hauek azpimarratu nahi dituzte: merkatu globaleko presentzia indartzen jarraitzea eta marka komertzialen kudeaketa hobetzea, hala nola, Fagor Professional, Edenox, Asber, Efficold, Danube, Domus, Primer eta Onnera Contract markena.
Onnera Groupek "bihotz-bihotzez" eskertu nahi izan ditu bere talde osoaren "parte-hartze aktiboa eta etengabeko babesa". Kooperatibak "bikaintasunarekin eta berrikuntzarekin konprometituta" jarraituko duela adierazi dute, "etorkizunari baikortasunez eta ausardiaz begiratuz".
Onnera Groupi buruz
Mondragon Korporazioaren parte den nazioarteko enpresa-taldea da, eta jatetxe-arlorako, garbiketarako eta hotz-aplikazioetarako ekipamendu-soluzioak eskaintzen ditu. Hainbat marka hartzen ditu barne: Fagor Professional, Asber, Edenox, Efficold, Danube, Domus, Primer eta Onnera Contract. Bere produktuak bost kontinenteetan merkaturatzen dituen talde globala da. 7 fabrika ditu munduan zehar estrategikoki banatuta (Espainian, Frantzian, Polonian eta Mexikon), baita merkatu bakoitzera egokitutako soluzio ugari eskaintzeko gai diren 2.300 profesional baino gehiago ere.