Ander Irizar: "Emaitza ona lortzea izango da helburua"

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko mai. 24a, 16:34

Ander Irizar baloiarekin, Azkoagainen.

Bi partidutara jokatuko du mailaz igotzeko kanporaketa fasea Aloña Mendik. Lasarten du lehen partidua, zapatuan, eta han izango dira Oñatitik joandako zaleak, animatzen.

Ohorezko Mailara igotzeko kanporaketa jokatzera heldu da Aloña Mendiko futboleko talde gorena. Lasarteko Ostadar taldearen aurka jokatuko du. Zapatuan, 17:30ean, da joanekoa, Michelin futbol zelaian. Markagailua alde dutela bueltatu gurako luketela aitortu du Ander Irizar (Oñati, 2001) kapitainak.

Zer-nolako animoak dituzue joaneko partiduari begira?

Jokatzeko gogoz gaude. Ezin ukatu urduri ere bagaudela, baina indarra ematen duen urduritasun bat dugu guztiok gainean. Taldeko inor ez da inoiz egon 'kale edo bale' izango den egoera honetan, eta denok baikor gaude, gogotsu.

Nolakoak izan dira aste honetako entrenamendu saioak?

Ohikoak, egia esan, ez dugu entrenamendu berezirik egin. Azken partidua galdu egin genuen, baina ondo ibili gara denboraldian zehar, eta aste barruko lan hori izango da oraingoan ere gure oinarria.

Mailaz jaitsi zineten joan den denboraldian, baina igoera duzue berriz orain jokoan; denboraldia ona izan da, orduan, ala?

Liga hasierako helburua ez zen berriz gora igotzea; ez, behintzat, epe motzeko helburua. Talde berria da gurea, gaztea, jokalari erdiak berriak dira, eta taldea finkatzea zen jarrita genuen helburua. Taldea egin, gure estiloa finkatu... Hori ere lortu dugula uste dut, eta denboraldia ona izan dela esan dezakegu, bai.

Bat egin duzue denok?

Zelaitik kanpo harreman ona daukagu denok, eta zelai barruan ere ikusten da hori.

Eta zein da finkatu duzuen estiloa?

Orain arte, askotan ibili gara, esaterako, datorrenari erantzuten, baina aurten aldatu eta lidergoa eramateko ahaleginak egin ditugu, errespetatuak izateko lan eginaz atera izan gara. Oraingo joko estiloa berria da, erabaki desberdin bat. Gotzon Urzelai entrenatzailearen erabakia, ausardia, izan da. Bat egin genuen jokalariok harekin, inplikatu egin gara modu berri horretan, eta urteko balorazioa ona da, bai.

Nolakoa da aurkako taldea, Lasarteko Ostadar?

Kategoria bereko beste taldean jokatu dute eurek, eta ez ditugu ezagutzen, talde berria da guretako. Gainera, azken jardunaldira arte ez da erabaki igoera fase hau noren kontra jokatuko genuen, eta ez gara joan euren partidurik ikustera. Heldu zaizkigu euren jokoari buruzko argibide batzuk, baina gu gure jokoa lantzen ibili gara asteko entrenamenduetan, eta partiduan ere geure jokoa egitera aterako gara futbol zelaira.

Zein da helburua?

Kanporaketa erabakita dagoela bueltatzea. Bi partidutara da eta kanpoan sartutako golek bikoitza balioko dute. Faktore hori aplikatuko da, eta, beraz, emaitzak izango du pisua. Egia da bueltako partidua, ekaineko lehen asteburuan Azkoagainen jokatuko duguna, aldeko izan daitekeela, baina, ahal dela, abantaila hartuta jokatu gurako genuke etxean, eta, kanporaketa erabakita baldin badago, askoz hobeto. Igotzeko ilusioa badugu, baina zentzuz jokatuko dugu, kolpea gogorragoa izango da-eta bestela.

Jokoa baino gehiago, emaitza da oraingoan garrantzitsua?

Kanporaketa fase batean gaude, eta bai. Emaitza onaz gain jokoa ere ona bada, partidu borobila izango da.

Ohiko jokalariok jokatuko duzue?

Buruan min hartuta, ebaki bat eginda, dago jokalari bat. Grapak ditu, eta oraingoan ezingo du jokatu, baina ohikoak izango gara besteok, bai.

Zaleak ere izango dira Lasarten.

Bai, eta eskerrik asko, aurrez, denei. Beti dira ongietorriak zaleen gertutasuna eta animoak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak