Mitinaren sarrera Izaro Elorza Arregi Oñatiko alkateak egin zuen, eta jarraian egin zuten berba Eraitz Saez de Egilaz Ramosek eta Josu Aztiria Urtaranek, EH Bilduko legebiltzarkideak biak.
Saez de Egilazek kanpaina honetan "azken hauteskundeetako ilusioa" islatu dela azaldu zuen: "Euskal gizartean EH Bildurekiko konfiantza berretsi eta indartu egin da hauteskundez hauteskunde. Jendea erdigunean jartzen duen gure eragite modua eskala guztietara eraman beharra dago. EH Bildu herritarren oinarrizko eskubideak bermatzera joango da, bizitza duinen alde".
Europa mailako erronkak zerrendatu zituen, esaterako, trantsizio ekosoziala: "Azken urteotan indar bereziz heldu diogu gai honi, eta Europatik neurri asko abiarazi dira; energiaren alorrean, kasu". Europan eliteek gerraren aldeko apustu sendoa egin dutela eta, zenbait herrik ondorioak pairatzen dituztela aipatu zuen: "Gure egitekoa herri horiek errespetatzea eta bakearen alde lan egitea da".
Herrien subiranotasuna aldarrikatuko dutela ere adierazi zuen: "Euskal Herriari oraindik ez zaio aitortua izan, eta Europak ez dio gai horri behar den bezala heldu. Koalizioan goaz, gure moduan dauden herri askorekin batera. Jendarte zabala ordezkatzen dugu".
Ultraeskuinaren gorakada geldiarazteko gakotzat jo zuen EH Bilduren aldeko botoa: "Ikusten ari gara halako alderdiek aurrera egiten dutenean ze ondorio kaltegarri dakartzaten".
Josu Aztiria Urtaranek, bere aldetik, udalgintzari eta tokikoari egin zion keinu, Zumarragako Udalean lan egiten duen heinean. Oñati ispilu dela nabarmendu zuen: "Beti da plazera halako herri batera etortzea. Oñati eredu da gobernatzeko moduan. Askotan herri hau hartzen dugu gauzak egiteko adibide moduan".