Zaragozara bidaiatu zuten hogeita bi jokalarietako bat izan da Guridi. Urte osoan lehenengo taldearen dinamikan murgilduta egon da oñatiarra, eta horrek eraman du "orain arte bizitako partidu garrantzitsuena" gertutik bizi ahal izatera. Guridik aitortzen du bazekitela oso partidu zaila izango zela; ikusi besterik ez dagoelako "Bartzelonak azken urteetan zer lortu duen". Hala eta guztiz ere, euren aukeretan sinesten zutela dio oñatiarrak: "Plan bat genuen, eta horretan sinesten genuen. Bagenekien gai ginela, baina baita ere zer nolako aurkaria geneukan aurrean. Gure partidua egin nahi genuen, eta garbi geneukan zer egin behar genuen partidua irabaztetik gertuago egoteko, baina ez zen guk nahi genuena gertatu, eta pena bat izan zen".
Ez zuen minuturik izan Guridik finalean, baina horren jakitun zen jokalari oñatiarra: "Banekien horrelako partidu baten minutu batzuk jokatzea zaila izango zela, baina horrelako final batean bizitako esperientziarekin gelditzen naiz; realzalez eta, oro har, futbolzalez betetako zelai baten egotearekin, eta Erreginaren Kopako final bat barrutik bizitzearekin. Inoiz ezin duzu jakin etorkizunean horrelako final bat bizitzeko aukerarik izango duzun, eta horregatik, esperientzia ondo aprobetxatu dudala esango nuke". Hala ere, etorkizunean horrelako une bat berriro bizitzeko lan egingo duela aitortzen du Guridik: "Banekien zein zen egoera, baina nik eguneroko lanean gogor jarraitu behar dut. Horrela lortuko dut etorkizunean final bat jokatzea".
Zaleei eskerrak
Milaka lagunek jantzi zituzten Zaragozako kaleak eta La Romareda futbol zelaia kolore txuri urdinez, eta une oro taldea animatzen aritu ziren, emaitza edozein zela ere. "Zaleenak hitzik gabe utzi gintuen; hoteletik irten eta futbol zelaira iritsi arte jende guztia guri animatzen ikustea izugarria izan zen, gogoratzearekin bakarrik oilo-ipurdia jartzen zait. Futbol zelaian bertan ere, gauzak ondo atera ez arren, realzale guztiak laurogeita hamar minutuz guri animatzen egotea sekulakoa da. Inoiz ahaztuko ez dudan une bat izan zen".