Aurrera doa Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea. Atzo, beste bi kanporaketa jokatu ziren, bata Idiazabalen eta bestean Getarian. Azken saio honetan kantatu zuen bailarako azken ordezkariak, Urko Arregi oñatiarrak. Saio ona egin ostean, hirugarren postua eskuratu zuen Arregik. Odei Lopez legorretarrak lortu zuen garaipena, 307 punturekin. Honen atzetik gelditu ziren, hurrenez hurren: Oier Aizpurua (304); Urko Arregi (300); Ekain Tolaretxipi Errazti (288,5); Txomin Azpiroz ( 274,5) eta Jon Altuna (241,5).
Emaitza onak
Lehen itzulia amaitzeko hiru saio falta dira oraindik, eta ezin da jakin nortzuk igaroko diren hurrengo fasera. Hala ere, debagoiendarrek maila ona erakutsi dute, eta horren erakusle da, A zein B multzoetan debagoiendarrak direla lehen postuetan. Momentuz, A multzoan, Haizea Arana eskoriatzarra da puntu gehien lortu dituen bertsolaria, 333. B multzoan berriz, Ane Zuazubiskar arrasatearra doa lehena, 361,5 punturekin. Honen atzetik, bigarren postuan, Maider Arregi oñatiarra dago; 360,5 puntu eskuratuta. Bestalde, hiru saioren faltan, zortzi dira bigarren itzulira pasatzeko aukerak dituzten debagoiendarrak: Maider Arregi, Haizea Arana, Oihana Arana, Aitor Tatiegi, Urko Egaña, Ane Zuazubiskar, Martin Berrizbeitia eta Urko Arregi.
Azken saioa Oñatin
Debagoienean hasi zen sailkapen faseko lehen itzulia, eta bertan bukatuko da. Oñatin izango da azken saioa, maiatzaren 17an, Santa Ana antzokian. 19:00etan hasiko da, eta horren ostean jakingo da ze bertsolari pasako diren bigarren itzulira. Bigarren itzulia ere bailaran hasiko da, maiatzaren 25ean Antzuolan. Elgetan jokatuko da kanporaketa bat, Ekainaren 1ean.