Puntu bakarra nahikoa dute igoera lehiatzeko

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko mai. 9a, 15:32

Jokalariak gola ospatzen Azkoagainen.

Puntu bakar bat lortuta maila igoera jokatuko du Aloña Mendiko futboleko talde gorenak, eta zapatuan 17:30ean lor dezake hori, Azkoagainen. Partidua hasi aurretik, omenaldia jasoko du duela 30 urte Hirugarren Mailara igo zen taldeak.

Puntu bakar bat nahikoa du Aloña Mendiko futboleko talde gorenak maila igoera jokatzeko. Puntu hori lortuta, datorren denboraldian berriz Ohorezko Mailan egoteko aukera lehiatu ahal izango du, beste taldeko bigarren sailkatuaren kontra.

Bi partiduren faltan

Igoera lehiatzeko lortu behar duen puntu hori bihar, zapatua, jokatuko duen partiduan lor dezake Azkoagainen, etxean joka- tuko duen ligako azken partiduan. "Denboraldi hasierako helburua ez zen mailaz igotzea, baina posible dela ikusi dugu ligak aurrera egin ahala eta lortu dezakegula uste dut. Aste barruan lan ona egiten ari gara denboraldi osoan. Gaizki jokatu edo emaitza txarrak lortu ditugun partiduei ere ondo eman diegu buelta aste barruko lan on horri esker, erregularrak izan gara. Motibatuta dago taldea, oso, zapatuko partidurako, eta ea lortzen dugun maila igoera borrokatzeko beharrezkoa dugun puntu hori", azaldu du taldeko entrenatzaileak, Gotzon Urzelaik.

Zapatuko partidua eta datorren astekoa, bi aukera ditu Aloña Mendik puntu hori lortzeko. Oraingoan ere lortuko luke, berez, hark galdu eta Urkik berdinketa lortuko balu. Igoera lehiatzea lortuz gero, maiatzaren azken asteburuan jokatuko luke lehen partidua, eta hurrengoan bigarrena.

Omenaldia ere bai

Zapatuko partiduaren aurretik, omenaldia egingo diote 1993/1994 denboraldian Aloña Mendi Hirugarren Mailara igotzea lortu zuen taldeari. "Oso liga ona egin genuen. Hiru partidan faltan igoera lortuko genuela uste genuen. Ospakizunetan ere pentsatzen hasita geunden, baina galdu egin genuen. Biren faltakoan Donostian lortutako garaipenak eman zigun igoera; autobusa plazaraino sartu zen orduan. Ligako azken jardunaldia, bestalde, Azkoagainen, igoeraren ospakizuna izan zen. Handik plazara jaitsi ginen, eta udaletxeko balkoira igo. Oroitzapen politak ditut, bai. Harreman polita sortu zen orduko taldekideon artean, eta mantendu egin da. Horietako batzuk faltako dira zapatuko omenaldian, hilda daudelako, Iker Jausoro eta Manu Arregi tartean, eta haiek ere izango ditugu gogoan", dio orduko kapitainak, Jose Luis Abaunz Montxo-k. Fernando Azpiazu eta Julio San Vicente ziren talde haren entrenatzaileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak