Lehen ikasturtearen balorazioa positiboa egin du Burrunda Faktoriak: "Bi denboraldietan harrera oso polita izan dela iruditzen zaigu. Jende ugari ibili da ekitaldietan; askotariko jendea izan da, gainera, adinari nahiz gustuei dagokienez. Umeei begira antolatutako ekintzek ere oso ondo funtzionatu dute".
Emanaldietan parte hartu duten artistei buruz, euren aldetik jasotako esker hitzak baloratu ditu Burrundak: "Pozik gaude horrekin; hasieratik izan da gure asmoa ahalik eta traturik onena ematea artistei. Gainera, gaztetxean ikusle ugari izan dituzte, eta iruditzen zaigu horrelako plaza batean jotzea pozgarria dela haientzat ere. Bestalde, fanzinearen bi zenbakiek ere harrera polita izan dutelakoan gaude; zenbait herritarrengandik, behintzat, feedback positiboa jaso dugu".
Datorren ikasturtera begira lanean jarraitzeko eta horrelako egitarauak prestatzeko gogoz daudela gehitu dute taldeko kideek, eta taldea zabalik dagoela gogora ekarri.