Gazte mailako Arantzazuko Igoerak 54. edizioa izango du bihar, eta bederatzi debagoiendar egongo dira irteera puntuan, helmugan besoak altxatzeko prest. Lasterketa arratsaldeko lauretan hasiko da, Oñatiko Triana auzoan, eta 150 txirrindularik parte hartuko dute, gutxi gorabehera. Gazteek 70 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, eta azkenengo Arantzazurako igoeran erabaki daiteke dena.
Debagoiendarrak, prest
Iaz, Alex Gomez izan zen irabazlea, eta Ulma-Aloña Mendiko Unax Errasti laugarren sailkatu zen. Aurten maila bera emateko prest daudela aitortu du Aitor Atorrasagastik, Aloña Mendi txirrindularitza saileko presidenteak, nahiz eta ez diren aste errazak izaten ari: "Gaixorik izan dugu jendea, eta batzuk ez dira une egokienean iritsiko. Dena dela, etxean izanik, ea ihesaldirik harrapatzerik dugun eta norbait aurrean dugun. Lasterketa polita izango da, maila handiko kirolariak baitatoz".