Zapatu arratsaldean jokatuko da herriko futbol txapelketako ligako final preziatua, eta partidu "gogorra" eta "zaila" izango dela aurreikusten dute talde biek. Lehen aldiak ematen duen indarra eta esperientzia arituko dira elkarren kontra.
Final gogorra aurreikusten da
Hangöver da finalistetako bat; aurten hartu du parte lehen aldiz txapelketan eta finaleraino iritsi da, "finalerdietan oso partida onak" eginda, eta koparekin bukatu gura du denboraldia. "Egia esan, oso denboraldi polita izan da, zentzu guztietan. Lehenengo, kuadrillako ekipoa sortu genuelako; gero, partidu guztietan futbolaz gozatu dugulako; eta, azkenik, espero ez genuen final batera heldu garelako. Lehenengo urtea izanda denentzat, ez da batere erraza izan Championseko finalera heltzea. Aurreko hiru partiduak ez genituen irabazi, baina, azkenari begiratuz gero, oso sentsazio onak ditugu gogorra izango den finalera begira. Esperientzia dute besteek, eta hori abantaila txiki bat da, baina ziur naiz ilusio aldetik ez gaituztela irabazten, eta horrek izan behar du gura biharko motibazioa", dio Hangöver taldeko Anje Eskarzak.
Talde berriak Albok izango du aurkari, duela bi urte kopa eta iaz liga irabazita "sekulako ilusioarekin eta gogoarekin" zelairatuko dena. "Aurtengoa ez da denboraldi samurra izan. Iaz liga irabazi arren, aurten Superkopa galduta eman genion hasiera denboraldi berriari, eta ligaxkan kosta egin zaigu erregulartasuna mantentzea. Adinean gora goaz eta, gura edo ez, igarri egiten da gazteen aldean txispa gutxiago dugula. Championsera oso justu heldu ginen, berdinketa hausteko partiduan penaltietan irabazita. Eta finalerdi oso ona egin ostean, ilusio handiz heldu gara finalera. Oso partidu zaila izango da. Aurtengoa zailagoa, gainera. Hangöverren aurka 2-1 galdu genuen ligan; beraz, badakigu ondo ez bagaude ez dugula irabaziko. Urduritasuna ondoen kudeatu eta akats gutxien egiten duen taldeak irabaziko du txapelketa", dio Mikel Zubiagirrek.
Azkoagainera joateko deia
15:30an, kopako finala jokatuko dute Shatoken Moura eta Weingüter taldeek, eta partidu biak ikustera joatera gonbidatu gura dituzte herritarrak antolatzaileek: "Ekarri ditzatela euren taldeetako kamisetak, nahi izanez gero. Azken finean, zapatukoa beterano guztien festa eguna izaten da, eta guztiok horrela sentitzea nahiko genuke".