Hemeretzigarren edizioa izan du gaurkoan Aloñako Igoerak, eta Ibai Larrea antzuolarra izan da nabarmendu den korrikalarietako bat: bi ordu zehatz behar izan ditu ibilbidea egiteko, eta, gainera, aurrez ezarrita zegoen errekorra ere gainditu du; hain justu, Ionut Zincak zuen ezarrita muga duela hamar urte, 2014an, bi ordu eta lau segundotan. Hala ere, Larrea ez da nabarmendu den korrikalari bakarra izan, beste hainbat izan baitira tartean. Oihana Kortazar elgetarrak, esate baterako, bere bigarren garaipena eskuratu du Aloñako Igoeran, 2:23:03ko markarekin: are gehiago, Aloñako Igoerako marka pertsonala ere hobetu du, bi ordu eta 40 minutu behar izan baitzituen 2016ko edizioan helmugara iristeko.
Bigarren eta hirugarren sailkatuei dagokienez, gizonezkoetan, Marcos Villamuera (2:00:19) eta Pablo Bautista (2:02:49) sailkatu dira, hurrenez hurren; lehia, gainera, ez da nolanahikoa izan, orpoz orpo aritu baitira Villamuera eta Larrea uneoro, nor iritsiko lehenago Oñatiko plazako helmugara. Emakumezkoetan, berriz, Lide Urrestarazuk (2:23:51) egin du bigarren eta hirugarren sailkatu da June Villarroel (2:36:37).
Antolatzaileak "pozik"
Antolatzaileak "pozik" daude eginiko lanarekin eta lasterketak izan duen harrerarekin: "Guztia ondo atera dela esango genuke: bihurritu gutxi batzuk egon arren, korrikalariek ez dute minik hartu, jende pila bat gerturatu da mendian zein kalean lasterketa ikusita; ezin dugu askoz gehiago eskatu". Eguraldi iragarpenek, gainera, ez zuten egun eguzkitsua iragarrita gaurko, baina hori ere aldeko izan dutela adierazi dute antolatzaileek: "Gure esku ez zegoen gauza bakarra zen, eta aldeko izan dugu. Gure helburua zen gure esku zegoen guztia ondo egitea, eta horrela egin dugula uste dugu".
Bihar Harmailatik saioan eskainiko du Goiena telebistak lasterketak emandako guztia.