Jose Antonio Azpiazu: "Txerria ez da animalia zikina, garbizalea da"

Amaia Txintxurreta Guridi 2024ko api. 26a, 09:15

'El cerdo en la historia de los vascos' liburua argitaratu du Jose antonio azpiazuk. Txerriari buruzko hainbat mito apurtu ditu eta animaliaren garrantzia azpimarratu du bertan.

Eguaztenean aurkeztu zuen, kultura etxean, El cerdo en la historia de los vascos liburua Jose Antonio Azpiazuk.

Nolatan idatzi duzu txerriei buruz?

Gauza arraroa, ezta? Ezohikoa. Txerriak beti izan du fama txarra eta zikinkeriarekin lotu izan dugu. Gaztelaniaz  zikinkeriarekin lotutako izen ugari dauzka: cochino, marrano, cerdo, puerco, chancho...

Eta zikina al da?

Txerria basoan, naturan, oso garbia da, eta oso garbizalea, gainera. Lehen, ohitura zegoen mendira eramateko eta han bizpahiru egunez laguntzen egoteko –han egotera ohitu zedin–, eta txabola batean bizi ziren. Kaka eta txiza handik kanpora egiten zituen, gero garbi lo egin ahal izateko. Gero, Euskal Herrian, geuk ekarri ditugu baserrietara, leku estuetara, zikinkeria artera. Baina baserrian ere lasto gainean egiten du lo, eta hori apur bat zikintzean, bazterrera bota eta berria behar izaten du.

Denetik jaten duten animaliak dira?

Animalia asko dira omniboroak –denetik jaten dutenak–, eta esan izan da baita ere txerriak koprofilikoak direla  –kaka jaten dutela–. Edozer jan dezake, baldin eta gose baldin bada. Baina txerriek bezala, oiloek eta ahuntzek ere hori egiten dute. Txakur batzuek ere, gose badira, gizakion kakak jaten dituzte. Ez da txerrien kontua bakarrik.

Ekonomikoki zein eragin dute?

Familia gehienek txerriak zituzten, eta ez bat edo bi bakarrik. Txerrien haragia edota txerrikumeak saltzeko erabiltzen zituzten, eta hemengo baserritarrek galdu egin dute ohitura hori. Lehen, hazi etxean egiten ziren; eta gaur egun, ez. Txorizoak egiteko zer egiten dugu? Nafarroa aldera eta beste leku batzuetara joan, haragia handik ekarri eta txorizoak bertan egin. Dagoeneko kriantzarik ez da egiten eta txerrien hilketarik ere ez. Baina duela gutxi elkarrizketatu nuen Oñatiko abere-hiltzaile bat eta esan zidan urtero –fabrikan lan egiteaz gain– 100 bat txerri hiltzen zituela. Eta baserrietako gizonek, normalean, eurek ere hiltzen zituzten, familiakoekin batera. Hilketa eguna jaieguna izaten zen. Sozializatzeko ere balio zuen eta txerria hiltzen laguntzen zutenendako opari izaten ziren txerrikiak.

Iparraldeak izan du bere garrantzia.

Iparraldea baserri inguruko landa zen, eta hemen, hegoaldean, berriz, XVI. mendean industria geneukan,  armagintzarekin eta burdingintzarekin oso lotua, eta jende askok ez zeukan lekurik txerriak hazteko. Orduan, Iparraldetik ekartzen zituzten txerri pila bat, adibidez, Soraluzera, Eibarrera eta Elgoibarrera. Hemengoak txerri txikiak zirenean, hara bidaltzen zituzten, han gizendu eta berriz ekartzeko. Eta euskaldunek jaten zuten ia haragi bakarra txerriena zen. Behiak lanerako ziren, eta oiloak, arrautzak egiten zituztenak, merkatuan saltzeko. Euskal Herrian oso garrantzitsuak izan dira; Ternuara eramateko, esaterako, zortzi edo bederatzi hilabetetarako gehienbat eramaten zuten urdaia edo urdaiazpikoa jateko. Oso inportantea izan da gure bizimoduan, eta ez hemen bakarrik, zer esanik ez Andaluzian eta Extremaduran. Oraindik euren esportazio inportanteenak txerrienak dira. Txinara, esaterako, bidaltzen dituzte izugarrizko kantitateak.

Erlijioarekin ere lotu izan da.

Mahomatarrek eta juduek txerria zikina zelako ezin dutela jan esan izan da, eta ez zituzten hezten. Zergatik? Eurak ibiltariak zirelako, eta txerriak ezin zituzten eraman alde batetik bestera. Zer egokitzen zen euren beharretara? Gamelua. Horrek esnea ematen zuen, ibiltaria da, egun asko pasa ditzake urik edan gabe... baina txerriak ura behar du, eta ez da ibiltaria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak